Dani Izquierdok errekor berria ezarri du Perdido mendiko joan-etorrian
Korrikalari aragoiarrak zortzi minutuan hobetu du Aritz Egea urretxuarrak duela bederatzi urte eginiko kronoa. Izquierdok 4 ordu eta 16 minutu behar izan ditu 40 kilometro eta 2.400 metroko desnibela dituen ibilbidea osatzeko.
1996an Thierry Prisse frantziarrak Torla-Perdido mendia-Torla ibilbidea zazpi orduan sinatu zuenetik, jarduera mitiko horrek trail runningeko edo mendiko lasterkari batzuk erakarri ditu helburu horretan marka berriak egitera. Torlan bizi zen frantziarrak denbora hori egin zuen 40 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa dituen jarduera osatu ahal izateko. Ondoren, pixkaka-pixkaka krono hori hobetzen joan ziren Jesus Sanchez, Joan Maria Vedrell, Iker Karrera, Txus Romone eta Aritz Egea. Irakurtzen den bezala, horien artean hiru euskal korrikalari daude.
Azken horrek, Egeak, orain arteko errekorra zuen. 2016an, urretxuarrak 4:24:31 kronoa egin zuen; igoerarako soilik 2 ordu eta 36 minutu. Baina maiz esaten den bezala, errekorrak hausteko daude. Eta Egearena lehen «postu» horretatik erori da. Dani Izquierdo izan da protagonista. Joan den 18an, lasterkari aragoiarrak Perdidoko joan-etorri horretan 4:16:40 marka jarri zuen. Hots, errekor berria. Izan ere, Egearen kronoa zortzi minutuan ondu zuen.
Lasterkari ezagun horrek adierazi du udazkeneko baldintza bikainak izan zituela jarduera hori egin ahal izateko. Eguraldi ikusgarria: eguzkitsu eta tenperatura bikaina. Halere, ezusteko bati aurre egin behar izan zion. Aurreko egunetan botatako elurrak gailurrera eramaten duen Escupidera izeneko sekzioa arriskutsu utzi zuen.
Arrakasta
11:00etarako Izquierdo prest zegoen Torlako irteera puntuan. Ohiko ibilbidea jarraitu ondoren, 3.355 metroko garaiera duen Perdidoko tontorrera heldu zen 2 ordu eta 38 minutuan. Igoera hori egiteko Egeak baino bi minutu gehiago behar izan zituen. Baina denek dioten bezala jaitsiera xede horren giltza da. Aragoiarrak erritmo bizia ezarri zuen, eta Torlako helmugan honako denbora markatu zuen: 4:16:40.
Errekor berriaren inguruan, korrikalari honek adierazi du helburu hori aspalditik zuela buruan: «Denboraldi honetan oso sasoiko egon naiz, eta itxaropena nuen Aritzen denbora hobetzeko. Eguraldiarekin zorte handia izan nuen; ez, ordea, ibilbidean zehar aurkitu nintzen mendizaleekin (asko ziren) eta Escupideran zegoen elurrarekin. Horregatik uste dut krono hori hobetzeko aukera nuela. Talde lanari ere azpimarra jartzen diot. Lagun batzuen babesa izan nuen, eta horiei esker arrakasta hori lortu dut. Ibilbide egokiena bilatzea ere oso garrantzitsua izan zen. Nik denbora hori egin dut, baina argi dut ere hobetu daitekeela».