Altuna III.ak eta Ezkurdiak «badaezpadako» partidarako hitzordua hartu dute
Amezketarrak eta arbizuarrak materiala aukeratu dute asteazken honetan, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, igandeko 3. eta 4. posturako partidarako. Kaiolako finalistetako batek huts egingo balu, irabazleak aukera izango luke finala jokatzeko hilaren 16an.
Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Lau eta Erdiko Txapelketako 3. eta 4. posturako lehia jokatuko dute igande honetan, Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Bietako inor ez zen %100ean iritsi finalerdietara, baina jokatu zuten euren partida, eta biek galdu. Hala ere, finalistetako batek jokatzeari uko egingo balio, igandeko garaileak tartea izango luke hilaren 16ko finalean, eta horregatik amezketarrak eta arbizuarrak ez dute hitzorduari huts egin nahi.
Inork ez du nahi Peio Etxeberria edo Javier Zabala lesionatzea, baina 'badaezpadako' neurketa jokatu beharrean izango dira Altuna III.a eta Ezkurdia. Eta halaxe aurkeztu dira Aspeko bi pilotariak asteazken honetan Arrasateko Uarkapen materiala aukeratzeko.
Gogoratu behar da Altuna III.ak ezin izan zuela ligaxkako azken partida jokatu, eta horrek finalerdirako txartela eman ziola Javier Zabalari. Amezketarrak bigarren postua ziurtatuta zuen, baina finalerdietan ezin izan zion Peio Etxeberriari irabazi. Hala ere, gipuzkoarra normaltasunez aritu da pilotak aukeratzen.
Gauza bera esan daiteke Ezkurdiari buruz. Arbizuarrak mina hartu zuen eskumuturrean Peio Etxeberriaren aurkako ligaxkako azken jardunaldian. Azkenean kolpe bat besterik ez zela izan esan zuen erresonantziak, baina ezin izan zitzaion Zabalari gailendu.
3. eta 4. posturako lehiarako partidaren sarrerak salgai daude dagoeneko. Prezioak 20, 25 eta 30 eurokoak dira eta hemen eros daitezke.
B Serieko finala
3. eta 4. posturako lehia hau baino lehen, larunbatean, Irungo Uranzu pilotalekuan, B Serieko finala jokatuko dute Senarrek eta etxeak lehiatuko den Amianok. Hauek asteartean egin zuten material aukeraketa.
Senar aterako da faborito bezala. Are gehiago ikusita partida guztiak irabazi dituela eta final-laurdenetako ligaxkan nagusitasunez gailendu zitzaiola Amianori.
Hala ere, finalak beti ezberdinak izaten dira eta Amianok, gainera, etxean jokatuko du, etxekoen berotasunean. Irundarrak 22-18 irabazi zion Expositori Sorian jokaturiko final-zortzirenetako partidan. Eta ligaxkan, Eskirozen aurka lehen puntua eskuratu bazuen ere, hurrengo lehian 22-6 galdu zuen Senarren aurka. Hori bai, azken neurketan Egiguren V.ari irabazita lortu zuen finalerdietarako txartela. Bertan, Rekalde kanporatu zuen finalean sartzeko.
Bestalde, lehen aipatu bezala, Senarrek norgehiagoka guztiak irabazi ditu: final-laurdenetan, 22-20 Egiguren V.ari, 22-6 Amianori eta 22-10 Eskirozi; eta finalerdian 22-6 Muruari.
Finala 18.30ean hasiko da gutxi gorabehera. 17.30ean hasiko den jaialdiari hasiera emango dion neurketan, Unai Laso berragertuko da lesio batengatik zenbait hilabete kantxetatik kanpo egon ostean. Nafarra osaturik dagoela ziurtatu du egun hauetan eta Binakako Txapelketara ahalik eta hoberen iritsi nahiko du.