17 urteko Irati Aranguren usurbildarra Laboral Kutxarekin arituko da 2027ra arte
17 urteko txirrindulari gaztea stagiare lanetan aritu da azken hilabeteetan Laboral Kutxarekin eta 2027ra arteko kontratua eskaini diote lortutako emaitzen ostean. «Etorkizun handiko» txirrindularia dela azpimarratzeaz gain bere «lanerako gogoa» goraipatu dute Fundazioko kideek.
Irati Aranguren 17 urteko txirrindulari usurbildarrak (18 abenduan eginen ditu) profesionaletara jauzi egingo du Laboral Kutxa-Euskadi taldearen eskutik. Txirrindulari gipuzkoarra stagiaire izan da aurten taldearekin eta bi denboraldirako sinatu du: 2027ra arte.
Joan den udan Arangurenek lehenengo aldiz jantzi du maillot morea Europako lau klasikatan. Maila gorenerako jauzia hurrengo bi urteetan emango du txirrindulari gipuzkoarrak, Horrela, txirrindulari gazte honek inguruko kideei kirol ametsak betetzeko aukera badagoela erakusten die.
Arangurenek euskal txirrindularitzaren etorkizuna ordezkatzen du, 2025 honetan erakutsitakoari jarraitzerik lortzen badu. Hain zuzen ere, Espainiako Txapelketan txapeldunorde izan da aurten, iaz bezala, Espainiako Kopa eta Euskaldun Txapelketa irabazi ditu, baita Emakumeen Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia ere. Era berean, nazioarte mailan nabarmendu da, bigarren postuan Bizkaikoloreak lasterketan eta seigarren Watersly Ladies Challenge itzulian, Ruandako Kigaliko Munduko Txapelketan eta Estatiu frantseseko Drôme-Ardèche-n Europakoetan lehiatu eta Paula Ostiz iruindarrarentzat lan paregabea egiteaz gain. Ziklokrosean ere nabarmendu da. Orain arte, Andoaingo Txirrindulari Eskolan trebatu da Aranguren.
«Niretzat, profesional mailara pasatzea zerbait izugarria da eta etxeko taldearekin lortuta, are gehiago. Txikitatik txirrindularitzan hastean, ametsa beti da profesional mailara iristea eta, etxeko taldarekin lortzea, oraindik bereziago egiten du. Txirrindulari gisa langile et borrokalari ikusten dut nire burua, helburu baten bila azkenera arte lanean, baita taldekideen alde lan egiteko ere prest», adierazi du gazte usurbildarrak Fundazioaren webguneari eskainitako adierzpenetan.
«Datozen bi urteetan, taldekide berriengandik eta tropelean ikasten gustatuko litzaidake. Izan ere, oraindik oso gaztea naiz eta gauza asko ditut ikasteko eta hobetzeko. Beraz, pauso horiek ematen hastea espero dut. Etorkizunari begira, urte asko ditut aurretik, baina, denok amesten dugun bezala, urtebetez Olinpiar Jokoetan lehiatzea gustatuko litzaidake. Oraindik oso gaztea naiz, urte asko ditut lan egiteko eta hazteko. Horregatik, urteren nbaten aukera izatea kristorena litzateke», gaineratu du.
«Nire lasterketa gustukoenen artean Itzulia dago, etxeko lasterketa delako, telebistan edo errepidean txikitatik ikusi dudalako, baita Tourra eta Paris-Roubaix ere; oso gustuko ditudan probak dira, oso gogorrak diren arren», amaitu du Irati Arangurenek.
Ion Lazkano, Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol zuzendaria, berriz, «Irati taldean izateagatik pozik» azaldu da. «Txirrindulari oso gaztea da, etxekoa; etorkizun oparoa du eta txirrindulari izateko gogoa dauka. Zalantzarik gabe, euskal txirrindulari gazteak erakartzeak are zentzu handiagoa ematen dio gure proiektuari. Aurten, stagiaire izateko aukera izan du gurekin, nola lan egiten dugun ezagutu du barrutik. Esperientzia oso aberasgarria izan da biontzat», azaldu du.