Materialarekin gustura, Lau eta Erdiko finalari igandea iristea baino ez zaio falta
Pilota bizi xamarrak aukeratuta, Etxeberria eta Zabala konforme azaldu dira materialarekin. «Partida gogor baterako» prest dago errioxarra, finala luzatzeko beldurrik gabe. Etxeberriak, aldiz, hirugarren finala jokatzen duelarik, garaile izateko behar den «heldutasunera» iristen ari dela iritzi dio.
2025eko Lau eta Erdiko finaleko atzera kontaketa finalerdiak amaitzean hasi zen, baina material aukeraketa egin ostean, ez dago esan beharrik «kaiolako» txapelketa bere fase erabakigarrian sartu dela. Bizkaia Arena pilotalekuak txapeldun berri bat ezagutuko du igande arratsaldean, Peio Etxeberria edo Javi Zabala. Pilotak hautatu ostean, biak nahikoa gustura eta materiala behar den bezala gordeta, azken entrenamenduak burutzea eta igandea noiz iritsiko, ez da besterik falta igandean pilotari biek buruz buru indarrak neurtu ditzaten.
Hasteko eta bat, biak konforme geratu dira materialarekin. «Gustuko pilotak aukeratu ditut, beste egunetan bezala. Lehenbizikoa zarenean aukera gehiago eta gaurko pilotekin, ados nago. Aurreko egunetan baino pilota gehixeago zegoen, baina tira, Jokinen –Altunaren– aurkako finalerdietan aukeratu genituen piloten antzerakoak izan dira gaurko laurak», azaldu du Peio Etxeberriak, bestelako komentariorik gehitu gabe.
Javi Zabalak, bestalde, nolabaiteko «harridura» azaldu du, «Peiok pilotarik bizienak aukeratu» omen dituelako; «nik ere pilota biziak hautatu ditut, eta konforme», aipatu du pilotari errioxarrak.
Finalerdietan Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia airean eraman eta gero daude Etxeberria eta Zabala «kaiolako» finalean. Zentzu horretan, aurkariak baino askoz gehiago izan ziren alor fisikoan. Ondorioz, teoriak lioke gaitasun fisiko handiko pilotari bi neurtuko dituztela indarrak Bizkaia Arenan igandean. Are gehiago, antzeko ezaugarriak dituzten bi pilotari.
«Biok ezkerrez min handia ematen dugu kantxa erdia hartzen dugularik. Antzerako ezaugarriak dituen aurkari batekin neurtu beharra bitxia da eta zentzu horretan, buruaren aldetik gogor eta fin jokatu beharko da, fisikoki ez ezik», zehaztu du Zabalak.
Etxeberriak Zabalaren «eskuina» ere aintzat hartu du, beste ezer baino gehiago antzekotasunoi ihes egin nahian. «Kontua ez da hainbeste arerioak zeitzuk arma dituen, baizik eta norberak berea ematea. Nirea emateko gai banaiz, aukerak izango ditudalakoan nago», azaldu du zenotztarrak.
Finalaz gozatu
Lau eta Erdiko hirugarren finala kateatzean, «txapeldun izan beharraren presioa» gainean ote daraman jakin nahi izan dute kazetariek, baina aurrelari nafarrak «bideari» erreparatu dio. «Jakina txapela bilatzen dudala, baina niretzat garrantzia handiagoa dauka segidan hiru final jokatzeak», zehaztu du.
Hala, «heldutasunera» iristen ari dela iritzi dio Peio Etxeberriak, bai bere jokoari, baita finalerdietatik finalera bitarteko bi asteotan bideaz «gozatzeko» aukerari ere.
«Heldutasunera heltzen ari naiz. Altuna, Irribarria, Irujo edo Aimar bakarrak dira, besteok gure denbora behar dugu. Eguneroko lanean konfiantza daukat. Lehengo finalean Jokin gainetik pasa zen. Iazkoa –Lasoren aurka– xehetasunengatik joan. zen. Aztertu ditut bi finalak, baina hau ezberdina da beste aurkari baten kontra. Horretara zentratuko naiz», azaldu du.
Ondorioz, nahiz eta «kudeatu beharreko kanpo faktoreak» badaudela onartu, ez du bere burua faborito inola ere ikusi. «Ez diot bueltarik ematen. Kontua norbere jokoa egin eta tantoak pilatzen joatea da, eta azkenean, 22ra iristen dena, txapeldun».
«Finalaz gozatzea» izan da ere Javi Zabalaren nahia, nahiz eta beste ikuspuntu batetik jorratu gai bera. «Txapelarekin amestea nahitaez egiten duzun zerbait da, baina aintzat hartu behar da partida oso latza izango dela eta gorabeheren aurrean sendo eutsi beharko diogula».
Naiaran sortuko pilotariak finala fisikoki oso partida gogorra izango ote den errezeloa azaldu du, neurri handi baten Peio Etxeberriaren sendoguneetako bat partidan irauteko duen ahalmena den heinean.
«"Kardio" aldetik final gogorra espero dut, baina prest nago. Partida luzatzen bada niri ere ez datorkit gaizki. Jakina, aukera dudanean tantoa amaitzera joango naiz, baina partida gogortu edo luzatzeko inolako beldurrik gabe», azaldu du.
Sakearen garrantzia eta errematerako «aurreratu beharra» ere kontuan izan ditu. «Lau eta Erditik atera behar horrekin hasiera baten ez nuen askorik arriskatzen, baina hilabete daramagu horretan eta dagoeneko gauzak beste era batera ikusten ditut. Kontua da saketik asmatu eta aurrera egitea, pilotaren barrura sartzea eta airea bilatzea. Ostean, tantotik tantora bitartean arnasari buelta ematen ahalegindu behar gara».
Bestalde, «errutina mantentzea» oso garrantzitsutzat jo du Zabalak. «Bizkaia Arenan entrenamendu bat egin du ezker hormatik pilota nola ateratzen den hobeto igartzeko. gorputzera sartzen da eta hor kontuz ibili behar dut, osterantzean frontoi noblea den arren. Bestela, Muntionekin eta txikitako beste lagun batekin Adarragan entrenatzen aritu naiz. Badakit final bat ezberdina dela, baina beste partida bat bailitzan hartzen ari naiz saiatzen, erotu gabe eta bideaz gozatuz», azpimarratu du.
Augusto Ibañez «Titin III.aren» aholkuari segi dio finalera begira. «Asteok lasai hartu eta finalean dakidan bezala jokatzeko esan dit, erotu gabe. Egia da Errioxatik jendea etorriko dela, 200 zaletik gora izango garela pilotalekuan. Baina ez dut "Titinen erreleboa" izate horrekin erotu nahi. Dagoeneko garaipen handia da errioxarrontzat, lanaren ordaina, baina horraino», azaldu du.
San Fermin Torneoan elkarren aurka jokatu zuten eta 22-13 nagusitu zen errioxarra. Etxeberriak partida hori berrikusi duela onartu du eta «hasiera partean oso partida ona jokatu genuela biok esango nuke, baina bigarren partean bera bikain eta dena atera zitzaion eta horregatik irabazi zuen», azaldu du Etxeberriak. Javi Zabalak, berriz, «fFin aritu nintzen orduko hartan, baina igandekoa beste kontu bat izango» dela ziurtatu du. «Borroka gogorra espero dut tanto bakoitzean», iritzi dio.
Biek ala biek azken entrenamenduak egitea baino ez dute falta, finalera begira lanik handiena dagoeneko egin baitute honezkero. Azkenean, materiala ere hautatuta eta pilota gustukoak aurkitu izanaren patxadarekin, igandea noiz iritsiko eta final egunean norberaren maila ematea, ez zaie hori baino falta, asko edo gutxi izan.