Bilboko kaleak «independentziaren aldarriaz» bete nahi ditu Ernaik abenduaren 20an
Ernaik mobilizazioa iragarri du Bilbon abenduaren 20rako, euskal gazteriari independentziaren alde kalera ateratzeko gonbita eginez. Bilbo «espainolismoaren hiria bezala saltzen» ari direla salatu du.
«Gerrak, ultraeskuinaren gorakada eta krisi anizkoitzen» aurrean, Ernai gazte antolakundeak abenduaren 20rako Bilbon prestatu duen mobilizazioan parte hartzeko deia egin du ostegun honetan. Egoera horri «aurre egiteko prest» daudela azpimarratu dute gazteek, Bilbo «espainolismoaren hiria balitz bezala saltzen ari direla» salatzearekin batera.
Bizkaiko hiriburuan egindako agerraldian, Alex Diez eta Uxue Zabalza Ernaiko kideek gogoratu dituzte Bilboko hirigunean jasotako azken «eraso espainolistak», hala nola «Bilboko euskararen sustapenerako ordenantzaren aurkako epaia; irailaren 27an Guardia Zibilak egindako erakustaldia eta hirigunean zehar agertutako hainbat pintada faxista, eta, nola ez, Gasteiz zein Iruñean faxistek egindako agerraldiak».
«Erasotzen bagaituzte, badakigu hori zergatik den: gure proiektuak zuzenki talka egiten duelako olatu erreakzionarioaren eta espainolismoaren oinarriekin. Haien eraso bakoitza gure proiektuak eta borrokak izutzen dituenaren froga bat da. Bizkaiko hiriguneko gazteok ez gaude geldi geratzeko prest», aldarrikatu dute.
Bilboko egoerari dagokionez, nabarmendu dute hiriko errealitatea «ez dela margotu nahi diguten hori: Bilbon asko gara gazte independentistak, asko gara egunero mundua eraldatzeko hautua egiten dugunok. Asko gara herritarrontzat bizigarria izango den Bilbo euskaldun, feminista eta sozialista baten alde gaudenok».
Hori guztia esanda, deia egin diote euskal gazteriari abenduaren 20an «berriz ere kalera atera dadin eta Bilboko kaleak independentziaren aldarriaz bete ditzan, beste behin erakusteko gazteok beste etorkizun baten alde borrokatzeko prest gaudela», 13.00etan Eliptika plazatik abiatuta. «Indarrez erakutsiko dugu Bilbo ez dela saldu nahi diguten espainolismoaren hiria. Prest gaude herri honen etorkizuna lehiatzeko eta herri honen askatasunaren alde oihu ozen bat egiteko», azaldu dute.