INFO

Ezkurdia Altunaren bizkartzaina izango da faborito argirik ez duen 2026 Binakako Txapelketan

Ostiralean Beasainen hasi eta martxoaren 29an Navarra Arenan amaituko da pilotaren lehiaketa luzeena. Altuna eta Ezkurdiaz gain, Etxeberria-Rezusta, Zabala-Martija eta Elordi-Zabaleta hautatu ditu Aspek eta Baikok, berriz, Laso-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena, Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz bikoteak.

Binakako Txapelketako pilotariak. Aurreneko planoan, Ezkurdia Mariezkurrena beta Zabaletaren erdian, atzelari postura ohitu nahian, edo. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

«Politxinelaren sekretua» deitu ohi zaio mundu guztiak aurretiaz ezagutzen duen eduki bati. Bada, Altuna III.aren bizkartzaina 2026ko Binakako Txapelketa honetan Joseba Ezkurdia izango zela «Politxinelaren sekretu» bat zen. Zalantza eta ia alternatiba bakarra Peio Etxeberria izango ote zen Arbizukoaren aurrelaria izan zitekeen, biak ala biak oso lagun minak direlako, baina azkenean Amezketako aurrelaria eta Buruz Buruko egungo txapelduna jarri dute astearte honetan Bilbon burutu den Binakako Txapelketa nagusian.

«Nahiko orekatua izango dela dirudi eta, beraz, ez naiz faborito garbi bat esaten ausartzen, baina egia da Zabaleta, Rezusta edo Mariezkurrena bezalako atzelariek markatuko dutela txapelketa honetako legea», adierazi du Joseba Ezkurdiak berak, jakinean San Mateoetan egindako aproba baino askoz proba latzagoa datorkiola hurrengo lau hilabeteetan.

«Atzelariak egin kontu bizi osoan handik ari direla lanean. Noski, ikusten dituzu kanpotik eta egiten duten horrek erraza dirudi, baina, ño!, behin barruan murgiltzen zarenean ez da gauza bera. San Mateotan lan polita egin genuen Jokinek eta biok eta gustura geratu nintzen. Badakit jakin Jokinek lan handia kenduko didala eta asko erraztuko dizkidala gauzak, baina aurrean aurkari gogorrak daude. Atzetik eskuinez pilota harrotzen ikasi behar dut batik bat eta nik ezin dut buruz buru Marizkurrena edo Zabaleta bezalako jotzaile handi horiekin, eta Imaz edo Martija bezalako jokalari gogorrekin ere ez da erraza izango», onartu du Arbizuko atzelari berriak, onartuz tarteka «sufritzea» egokituko zaiola.

«Bosgarren koadrotik sartzea edo erreboteko zulotik aritzea oso ezberdinak dira. Airea eta antzeko armak erabili beharko ditut aurre egiteko. Lan luzea datorkigu, baina ikusiko dugu», gaineratu du.

Aspaldiko partez, egiazko oreka bat bilatu dutela esan liteke Pilota Enpresek. Altuna eta Ezkurdiaz gain, Etxeberria-Rezusta, Zabala-Martija eta Elordi-Zabaleta hautatu ditu Aspek eta Baikok, berriz, Laso-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena, Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz bikoteak. Inor gutxi ausartu da faborito garbirik adierazten, eta adierazi duen bakarrenetakoa, Iker Larrazabal debutaria, Jaka-Iztuetaren alde mintzatu da, batez ere atzelari tolosarrak azken aldian egin duen gorakadagatik.

Osterantzean, elkarrekiko errespetua eta lehiaketa dantzan hasi arte ezin askorik esan. «Jakina gure burua aurrean ikusten dugula, baina badakigu gogorra izango dela!», adierazi du Jokin Altunak. «Puntu bakoitza ateratzeko dena eman beharko dugu partidetan eta orduan, elkarrekin asko entrenatzeak adina balioko du atsedena ere egoki hartzeak. Dena gertatu liteke eta horregatik da hain erakargarria Binakako Txapelketa hau», gaineratu du aurrelari gipuzkoarrak.

Ostiral honetan Beasainen, 20.45etan hasiko den jaialdian –horixe da ostiraletako ordutegia, nahiz eta Txapelketa Nagusiko partida bigarrena izango den beti– hasiko da Binakako Txapelketa: Elordi-Zabaleta eta Zabala-Martija, hain zuzen. 2023an Elordi eta Zabaleta Binakako Txapeldun atera ziren, baina inor gutxi oroitu da aurkezpen egun honetan Etxarrengo atzelariarekin. Ia oin puntetan eta atzeko ilaretan eserita, atzelari nafarra eta Mallabiko aurrelariak armak zorroztuko dituzte Lau eta Erdiko txapeldunorde eta Binakako Txapelketa honetan debuta egingo duen Zabala eta maila hauetan hiru final jokatu eta bi txapela jantzi dituen Martijarekin.

Larunbatean Logroñon, Altuna eta Ezkurdiak debuta egingo dute Peio Etxeberria eta Beñat Rezustaren aurka, 17.15etan hasiko den jaialdian –larunbat, igande eta jaiegunetako ordutegia; Txapelketa Nagusiko partida beti bigarrena delarik–. «Ondo prest gaude eta Peio konfiantzaz gainezka dator Lau eta Erdikoa irabazi ondoren», dio Beñat Rezustak, Binakako iazko txapeldunak, Joseba Ezkurdiarekin Batera 22-20 finalean Artola eta Mariezkurrena menderatu ostean.

«Lau hilabetetan gorabeherak izatea normala da, baina jakin egin behar da lehenengotik indartsu egoten. Azkenengo jardunaldietako puntuak azpimarratu ohi dira, baina aurreneko horiek ateratzea lortzen baduzu, hurrengo jardunaldietara lasaiago joan zintezke, zure burua horrenbeste estutu gabe», dio Bergarako atzelari ezkertiak. «Txapelketan luze ondo iristeko, hobe etxeko lanak aurrez eginda iritsi, gero hil ala biziko partidak iristen direnean topera egoteko. Ez da erraza beti norberak nahi bezala iristea halako momentuetan, baina», azaldu du.

Igandean Aoitzen izango da jaialdia: Jaka-Iztueta alde batetik Larrazabal eta Mariezkurrenaren aurka. «Andre Mari Zuriaren Torneoan ederki moldatu ginen eta iazko Txapelketa Nagusian ere partida pare bat jokatu genituen. Oso pozik nagoi berriro ‘Mariezku’ atzean izanda. Udan sarri jokatu dugu eta ondo moldatzen gara», onartu du Larrazabal Amurrioko pilotariak.

Hain zuzen, Gasteizko torneoan txapeldun izan ziren Larrazabal eta Mariezkurrena, eta «arabartasuna» pixka bat harago eroan du aurrelari gazteak. «Harro egoteko modukoa da Araba ordezkatzea txapelketa honetan. Ondo prestatu beharko dugu eta partida guztietan gauzak ez dira nahi bezala aterako, baina prest egongo garela uste dut», azaldu du Larrazabalek, elitean egonkortzeko falta zitzaion txapelketa bakarrean titular izatea lortuta pozarren.

Astelehenean Tolosan amaituko da aurreneko jardunaldia, Artola-Imaz alde batetik eta Laso-Albisu bestetik. «Ez da lehenengo aldia Imazekin jokatuko dudala. Iaz Mariezkurrenarekin oso gustura aritu nintzen eta ia ia txapela ere eraman  genuen. Imaz beste mota bateko atzelaria da, baina urruti iritsi gaitezkeelako itxaropena daukat», adierazi du Iñaki Artolak.

Formatua eta B Seriea

Lehiaketaren formatuari dagokionez, martxoaren 29ra arte luzatuko den Binakako Txapelketa honek bere horretan eutsiko dio. Hau da, aurreneko fasean 14 jardunaldi jokatuko dituzte, denak denen aurka bi itzulitara. Ligaxka honetako aurreneko bi bikote sailkatuek finalerdietara zuzenean jauzi egingo dute eta azken biak kanpoan geratuko dira.

Finalerdietara sailkatzeko beste bi bikotean NBAko play-in delakoaren antzeko kanporaketa jokatuko dute. Alegia, hirugarren eta laugarren postuetan sailkaturiko bikoteek elkarren aurka jokatuko dute eta irabazlea zuzenean finalerdietan arituko da. Galtzaileak, berriz, azken aukera bat izango du bosgarren eta seigarren lekuetan sailkatu diren bikoteen arteko demaren garailearen aurka.

Ostean, finalerdiak ere ligaxka erara jokatuko dira, hiru jardunalditan. Aurreneko bi postuetan sailkatzen diren bikoteek jokatuko dute Navarra Arenako final handia.

Era berean, B Serieko bikoteak ere aurkeztu dituzte, tartean Txapelketa Nagusian finala jokatzea zer den badakien Peña II.a edo titular izandako Aranguren ere bertan direla. Nolanahi, Darío-Loza, Senar-Ugartemendia, Salaberria-Gaskue, Zubizarreta-Aranguren, Rekalde-Bikuña, Amiano-Eskiroz eta Murua-Gabirondo izango dira B Seriean ariko diren 16 pilotariak.

Aurreko urteetan ez bezala, Txapelketa Nagusiaren formatu berbera izango du B Serieko honek ere. Alegia, final-laurdenetako play-offak ere bere egiten dituela aurten.