Richard Linklater eta Ethan Hawke berriro elkarrekin
BLUE MOON
AEB, 2025. 100’. Zuzend.: Richard Linklater. Gidoia: Robert Kaplow. Akt.: Ethan Hawke, Margaret Qualley, Bobby Cannavale, Andrew Scott. Musika: Graham Reynolds. Argaz.: Shane F. Kelly.
Richard Linklater eta Ethan Hawke film batean berriro elkarrekin ikusteak, ‘Before’ trilogia zoragarriaren eta ‘Boyhood’ maisulanaren oroitzapenak berpiztuko dizkio ikusleari. Hawkerekin batera Margaret Qualley, Bobby Cannavale eta Andrew Scott aktore bikainak topatuko ditugu. Lan honengatik, Scottek, Bigarren Mailako Aktore Onenaren Zilarrezko hartza irabazi zuen Berlingo Zinema Jaialdian.
‘Nouvelle Vague’ aurkeztu ostean, ‘Blue Moon’ da Linklaterrek aurten estreinatzen duen bigarren filma, eta ikuslea 1943ko martxoaren 31ko gauera eramango du. Istorioa kokaleku bakarrean girotu eta ia denbora errealean garatuko da. Lorenz Hart kanta-idazle ospetsuak bere autoestimu hondatuari aurre egin beharko dio Sardi's tabernan. Bitartean, Richard Rodgers musikagilea, Harten kolaboratzaile ohia, ‘Oklahoma!’ musikal arrakastatsuaren estreinaldia ospatzen ari da. Gaua amaitu baino lehen, Hartek bere talentua baloratzen ez duen munduari aurre egin beharko dio, baita maitasunaren itxurazko ezintasunari ere.
Artearen barne-balioari buruz hausnartzera gonbidatzen duen filma da. Harekin eraikitzen dugun harremanaz eta emozioen gainbehera sakonean egonda ere hitzetan babesa aurkitzeko moduaz mintzatzen da.