Levante-Athletic: etxetik kanpo irabazteko gosea asetu nahi dute lehoiek
Bilbotik urrun jokatu dituen azken zortzi partidatik, sei galdu ditu Athleticek. Hain zuzen, abuztuaren 31n eskuratu zuten azken garaipena, Betisen aurka. Sentsazioak berreskuratzeko aukera aparta da lehoientzat, konfiantza hartzeko datorrenari begira: Real Madril, Atletico Madril eta PSG.
Levantek eta Athleticek indarrak neurtuko dituzte larunbatean Ciutat de València zelaian, arratsaldeko 18.30ean. Batak zein besteak irabazteko beharra dute. Caleroren taldea azken-aurreko postuan ailegatzen da partidara, Mestallan Valentziako derbia galdu ondoren. Bilbotarrek atseden gutxiagorekin helduko diote demari, Pragatik itzuli baitziren asteazkenean.
Datuek ez dute engainatzen, abuztuaren 31n eskuratu zuen azken garaipena Athleticek etxetik kanpo, Betisen aurka, Cartuja zelaian. Denbora dezente pasa da, eta Bilbotik urrun kostatzen ari zaio irabaztea; izan ere, azken zortzi partidatik, bi berdinketa lortu (Elx eta Slavia Praga) eta sei porrot jaso ditu.
Dena den, Levanteren zelaian egindako azken zortzi bisitetatik, bakar batean galdu dute lehoiek, aldiz, hiru berdinketa eta lau garaipen lortu dituzte.
Laporte, deialditik at
Nolanahi ere, sentsazioak berreskuratu eta indarra hartzeko une aproposa da lehoientzat, batez ere, beldurgarria delako aurretik datorrena: Madrilek, Atletico Madrilek eta PSG-k bisitatuko dute San Mames zazpi egunetan.
Valverdek hitza hartu du partidaren bezperan Lezaman. Ez du berri onik iragarri erizaindegira begira; Aymeric Laporte deialditik kanpo geratuko da, min hartuta. Izan ere, Pragan, Vivianek eta Paredesek osatu zuten defentsako erdiko-lerroa, eta, antza denez, errepikatuko dute. Galarreta eta Sancet, zigortuta biak, etxean geratuko dira ere.
Unai Vencedor Levanten jokatzen ari da lagata aurtengo denboraldian, baina talde zuri-gorriak «beldurrezko-klausula» aktibatu du eta erdilari bilbotarra ezin da berdegunean egon.
Izan daitezkeen hamaikakoak:
Levante: Ryan; Toljan, Dela, Matías Moreno, Manu Sanchez, Arriaga, Oriol, Carlos Alvarez, Olasagasti, Ivan Romero eta Eyong.
Athletic Club: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Yuri; Jauregizar, Vesga; Navarro, Unai Gomez, Nico Williams; eta Guruzeta.