INFO

Pirinioetako hirumilakoen zerrenda: batzuk joan; beste batzuk, berriz, etorri

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak eginiko neurketen arabera, Aragoiko Pirinioetako Maldito eta Culebras mendiak zerrenda horretatik erori dira. Erakunde horrek, berriz, izenik gabeko beste tontor bat gehitu du.

Pirinioetako hirumilakoen zerrenda aldaketak izan ari da. (Uxue Oruezabala)

Pirinioetako hirumilakoen neurketen inguruan iritzi ezberdinak daude. Irizpide kontuak baino ez dira, baina erakunde ofizialen eta ez ofizialen artean ez dago adostasun handirik zerrenda hori zehazterakoan. Ofizialen artean, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) eta UIAA (Nazioarteko Alpinismoko Federazioa) ditugu. Ez ofizialek, besteak beste, Juan Buysek eta Luis Alejosek argitaratutako liburuak, Sostremetrias eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa (UPC) jasotzen dituzte. Azken biak elkarlanean ari dira.

Gogora dezagun duela hiru urte «burrunba» sortu zela Arnalesen altuerarekin; neurketak baieztatu zuen mendi hori hirumilako bat dela. Halere, ez dator bat UIAA ofizialaren neurketarekin. UPC eta Sostremetries taldearen arabera, 3.001,37 metro ditu. Bide batez esan behar dugu egin zuten neurketaren inguruan zehaztasun milimetrikoa duten neurgailu topografikoak erabili zituztela.

Horrek guztiak erakusten du zientzian oinarritutako neurketa kontu hori ez dela gauza itxi bat. Teknologia izaten ari den eboluzioarekin batera, neurketak askoz ere zehatzagoak dira, eta ezin dugu aipatu gabe utzi arestian aipatutako irizpideen oinarria. Laburbilduta, ikertzaileek dioten modura, topografia oraindik zientzia oso ezezaguna da.

Orain, berriz, UPC erakundeak abian duen proiektua (Pirinioetako datu guztiak berraztertzen ari da) albiste iturri da. Ikertzaileak pandemia garaian hasi ziren lanean, eta aurreratu dute behin betiko emaitzen berri 2027an emango dutela. Ikerketen azken notiziak dio Aragoiko bi hirumilako zerrendatik erori direla eta beste bat berri bat sartu dela.
Culebras eta Maldito dira zerrendatik kanpo utzi dituztenak. Agian, ezustea izango da; izan ere, biek ala biek hiru mila metroko garaiera baino gehiago dute. Altuera hori badute, zergatik ezabatu dituzte zerrendatik? Bada, beste irizpide batengatik: gailurraren irtenguneagatik edo handiduragatik. Culebrasek 8,1 metro ditu eta Malditok 7,7. Ofizialki, gutxienez, 12 metrokoa izatea eskatzen da. 

Berri bat

Talde horretako topografoek ordenadorearen bitartez eginiko azterketek (ez dira eremu-ikerketak izan), momentuz, 171 hirumilako jasotzen dituzte. Baina diogun bezala, datozen urteotan zerrenda hori aldatu daiteke. Culebras eta Maldito ezabatu bai, baina ikertzaileek beste bat gehitu diote zerrendari. Berez, mendi horrek ez du izen ofizialik. Protagonistok diote ez dagokiela izenik jartzea: «Azterketa kontu horiek direla-eta, 234 deitu diogu. Alabaina, uste dugu Aragoiko Institutu Geografikoa izan behar dela tontor horri izena jarri behar diona. Ez du izen ofizialik, baina horrek ez du esanahi ez duenik. Gure aldetik landa-azterketa egingo dugu eta inguruko jendearekin hitz egin ere. Ziur gaude azken horiek gailur hori izen batekin ezagutzen dutela».

Aurreratu dugun bezala, zerrenda hori handitu daiteke. Lehen azterketa digitala izaten ari da, eta horretan sartzen dira hiru mila metroko garaiera baino gehiago eta 12 metroko irtengunea dituztenak. Bigarren baheketa 8 eta 12 metroko irtengunea dituztenen artean egiten dute. Horietan eremu-ikerketa egiten dute. Gaur egun, egoera horretan Pirinioetako 86 tontor daude, eta horietako %80 Aragoin daude.