INFO

Altuna III.a-Ezkurdiaren joko itogarriak Elordi-Zabaleta itotzen amaitu du (22-14)

Gorriak 6-1 aurreratu dira Altuna III.ak jarritako erritmoaren bidez, baina urdinek estrategia aldatu, jokoa atzean kargatu eta 9na berdintzea lortu badute ere, gipuzkoarrak eta nafarrak alde egin dute markagailuan lehenengo atsedenaldia ostean.

Altuna III.ak eta Ezkurdiak geldiezin jarraitzen dute. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak berriro ere berretsi dute, igande honetan Eibarko Astelena pilotalekuan, aurtengo Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusienetakoak direla. Amezketarra aurrean erritmoa ezarriz eta arbizuarra atzean atzelari onenen antzera eutsiz, bigarren puntua eskuratu dute nahi baina ezin aritu diren Elordi eta Zabaletaren aurka (22-14).

Lehenengo jardunaldian ikusi zen Altuna III.a-Ezkurdia oso serio hartzeko bikotea dela. 22-5 irabazi zieten Peio Etxeberria eta Rezustari, eta gaurkoan beste aurkari indartsuak zituzten aurrean San Andres egun handian. Harmailak beteta, Arbizuko pilotariak atzean izan dezakeen maila neurtzeko egun aproposa zuen, aurrean Jose Javier Zabaleta bezalako jotzailea baitzuen.

Partida amaieran aitortu du erantzukizuna edo ardura baduela aurten, pilotaleku guztiak atzeko koadroetatik ezagutu behar baititu. Ez dago ohituta lan berri hauetara, baina gaurkoan, egia esan, iazko txapeldunak ez du hutsik egin! Guztiz kontrakoa. Egia da Jokin Altuna izan dela hasieratik erritmo bizia ipini duena, baina Ezkurdiak bizkartzain lan bikaina egin du atzeko koadroetan. Gainera, beste atzelariek ez duten ezaugarri bat du: aurrera joateko eta airez jotzeko instintua. Eta horrek aurkariak itotzen amaitu du.

Esan bezala, Altuna III.a izan da hasieratik iniziatiba hartu duena. Buruz Buruko txapeldunak oso argi zuen zer nolako jokoa egin behar zuten Elordi-Zabaleta bezalako bikote bati mina egin ahal izateko. Aurkariei pentsatzeko denbora utzi gabe, amezketarrak erasora jo du lehenengo tantoetatik.

0-1ekoa bere huts batekin etorri da, baina 4-1ekoan hasi da ikusten partida nondik nora joan zitekeen. Elordik erasora jo nahi izan du, baina ezin, eta Altunak ezkerrez txokoran goxo uzterakoan, Zabaleta iritsi eta amezketarrak boleaz erantzun dio atzelari urdinari pilota hanketara bidaliz.

Gorriak 6-1 eta 7-3 aurreratu dira; azken tanto honetan Ezkurdiak oso lan ona egin du defentsan, aurrean lurrera botaz pilota batengana iristeko. Ondoren, bere bikotekideak atzean amaitu du tantoa.

Bazirudien etxetik ekarritako ikasgaia ondo funtzionatzen ari zela, baina pilotan inoiz ezin da erlaxatu, eta urdinek estrategia aldatu dute. Pilotakadak atzean kargatzen hasi dira, Ezkurdia nekatzeko, eta bikain atera zaie joko hau. Izan ere, 8-8 eta 9-9 berdintzea lortu dute; hala ere, 10-9koa oso tanto gogorra izan da, partidako gogorrena –50 pilotakada izan ditu–, eta gorrien alde erori da. Ezkurdiak aurreratzeko eta pilotak airez jotzeko duen abileziak denbora murrizten du eta aurkariak itotzen amaitzen du. Urdinek horixe sufritu dute gaurkoan.

Lehen atsedenaldira bi tanto aurretik iritsi dira Altuna III.a-Ezkurdia (12-10), eta hortik aurrera gauzak aldatu egin dira. Elordik, atzean, 12-11koa lortu badu ere, gorriak 20-11raino abiatu dira eta hor alde egin dute urdinen esperantza guztiek. Tartean, gainera, Altuna III.aren tanto eder bat ikusteko aukera izan dute pilotazaleek: ezkerrez joko zuela denak engainatuz, azken unean eskuinez goxo utzi du txokoan 19-11koa egiteko.

Partidako azken tantoetan Elordik asmatu egin du jokaldiak amaitzerakoan, baina beranduegi zen eta Zabaletaren huts batekin amaitu da norgehiagoka.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a-Ezkurdia: 22

Elordi-Zabaleta: 14

Pilotakadak: 475. Iraupena: 38:13 minutu. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-3, 8-3, 8-8, 9-8, 9-9, 11-9, 11-10, 12-10, 12-11, 20-11, 20-12, 21-12, 21-14 eta 22-14. Sakez egindako tantoak: 4 Altuna III.ak eta 0 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 11 Altuna III.ak, 0 Ezkurdiak, 7 Elordik eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 2 Ezkurdiak, 2 Elordik eta 5 Zabaletak. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Eibarreko Astelena pilotalekuan, San Andres egun handian, Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko azken partida ikusteko. Lehen sakea, urdinentzat.