Hernanik 60 autobuseko muga jarriko du txotx garaian eta tasa bat kobratuko die
Txotx denboraldia hastear dela, Hernaniko Udalak neurri berriak aurkeztu ditu, bisitarien eta herritarren arteko bizikidetza sustatzea xede dutenak. Horrela, sartu daitekeen autobus kopurua mugatuko dute, tasa bat ordainaraziko diete eta kalean pixa egiteagatik jartzen zen isuna gogortu dute.
Txotx garaiko kudeaketa hobetzeko hiru aldaketa aurkeztu ditu gaur Hernaniko Udalak. Neurri «zehatzak» direla azaldu dute, trafiko antolaketari eta elkarbizitzari lotutakoak. 2026ko urtarriletik aurrera jarriko dira martxan. Xabier Lertxundi alkateak eman ditu gaur azalpenak, Hernaniko udaletxean bertan egindako agerraldi batean.
Azaldu duenez, aurkeztutako neurriak sagardoaren kultura eta txotx garaiari lotuta Hernaniko Udalak egindako diagnostiko eta hausnarketen ondorio dira. «Gaia modu integralean lantzeko lehen urratsa 2024an egindako diagnostikoa izan zen eta udal ordezkari ezberdinen adostasuna jaso zuten irizpideek», adierazi du alkateak.
Hernanin sagardoa eta sagardogintzaren inguruko eredu propio bat garatzeko eta txotx garaiari lotutako elkarbizitza-gatazkari aurre egiteko epe motz-ertaineko estrategiaren beharra azpimarratu zuen diagnosiak. Diagnostiko horretan identifikatutakoak oinarritzat hartuz, 2025ean ildo estrategikoen antolaketa garatu du udal gobernuak: «Espazio publikoaren erabileren antolaketa eta kudeaketa jasangarria egitea, jarduera ekonomikoaren eta bertako herritarren ongizatearen arteko oreka bilatzea, edota bertako kulturaren eta sagardoari lotutako identitate elementuen zaintza bermatzea dira, besteak beste, helburu espezifikoak».
Horrela, aurretik indarrean zeuden hiru udal ordenantza partzialki egokitu ditu Hernaniko Udalak, txotx garairako neurri berriak txertatu ahal izateko. Joan den asteartean egindako ezohiko udalbatzarrean onartu ziren aldaketa horiek, aho batez.
Autobusek, 60 eta 100 euro artean
Egin diren ordenantza aldaketetako bik zuzenean eragin nahi dute Hernanira datozen autobus antolatuengan. «Aparkatzeko espazioaren egokitzea bilatu dugu», azaldu du alkateak.
Honela, 2026ko urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra Hernanira etorriko diren autobus antolatuek derrigorrez Ibaiondo poligonoan aparkatu beharko dute: «Debekatuta egongo da autobusak geratzea, aparkatzea eta zirkulatzea baimendutako eremutik kanpo, Hernaniko udalerri osoan». Bestetik, Hernanira etorriko diren autobus antolatuek tasa bat ordaindu beharko dute 2026tik aurrera: 35 plazatik gorakoek 100 euro eta 9 eta 34 plaza bitartekoek, 60 euro
Izan ere, txotx denboraldian Hernanira etorriko diren autobus antolatuek aparkatzeko erreserba egin beharko dute, nahitaez. «Horretarako web-aplikazio bat garatzen ari da Hernaniko Udala. Urtarrilaren 12tik aurrera egongo da funtzionamenduan», azaldu du Lertxundik. Erreserba kopurua Ibaiondo poligonoko autobusen gunearen araberakoa izango da, «mugatua, 60 autobus ingururentzat».
Kalean pixa egiteagatik, isun handiagoak
Hartu den hirugarren neurri zehatzak kalean pixa egiteagatik jartzen diren isunengan izango du eragina. Orain arte, arau-hauste honengatik jartzen zen 200€ko isunak, azkar ordainduta, %70eko murrizketa zuen; 2026ko urtarriletik aurrera, berriz, %50eko murrizketa izango du azkar ordaintzen bada, eta ondorioz, lehen 60€ ordaintzen zena, 100€ ordainduko da aurrerantzean.
Txotx garaia oso denboraldi garrantzitsua da Hernaniko herriarentzat, bai kulturalki eta baita ekonomikoki ere. Hala ere, larunbatetan Hernanira etortzen den bisitari kopuruak ezinegonak ere sortzen ditu zenbait herritarren artean, eta Udalak esku hartzea erabaki du horregatik.
Hernaniarrek txotx denboraldian euren ohiko bizitza egin ahal izateaz gain, sagardoaren kulturara datozenei beste modu bateko gerturatze aberasgarriagoa eskaintzea ere bada helburua, alkateak azaldu duenez.