INFO

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

Irailean ohartarazi zuten baina geroztik hona gauzak gehiago okertu baino ez dira egin Azkoitiko Juaristi enpresaren etorkizunari dagokionez. Enpresa batzordeak salatu duenez, ekoizpenik ez dago hornidura faltagatik eta jada 50 langilek utzi dute lana.

Juaristi eta Aitek enpresen langileek Azkoitian irailean egin zuten protesta. (Juaristiko Enpresa Batzordea)

Juaristiko Enpresa Batzordeak «kritikotzat» jo du egoera, ostiral honetan zabaldutako adierazpen baten bidez. Irailean deitutako prentsaurrekoaren eta protesta-manifestazioaren ondoren hiru hilabete igaro direnean, «enpresak muturreko egoeran jarraitzen du –zehaztu du–: piezen hornidura faltagatik ekoiztu gabe eta jada 50 langilek empresa utzita».

 



Honezaz gain, abenduan epaiketak hasiko direla jakinarazi du («41 langileren lan-harreman amaierako epaiketak» hain zuzen ere) eta «enpresaren jabeak, Carlos Juaristik, batzordearekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta enpresa erosi zein proiektu berri bati ekin nahi dioten inbertsoreeekin hitz egiteari uko egiten jarraitzen du», salatu du.

Egoera larri honen nondik norakoak gogorarazi ditu batzordeak. Hasteko, 85 urteko historia duen enpresa dela nabarmendu du «2022an eskaeren kontratazio historikoaren errekorra lortu zuen arren, gaur egun egoera mugan dago: hornidura faltagatik jarduera produktiborik gabe, ordainketa-ez betetze etengabeekin, enplegu-galera jarraituarekin eta kontratuen amaieragatik zein soldata-erreklamazioengatik abian dauden dozenaka prozedura judizialekin».

Urtebete baino gehiagoz lantegia ia erabat geldirik egon ondoren, aurtengo uztailean langileek dokumentu bat aurkeztu zioten enpresaren jabeari. Honela hasten zen: «Juaristiko langileak publikoki adierazi nahi dugu gure gaitzespenik irmoena eta zorrotzen adierazi nahi dugu azken urteotan egindako kudeaketaren aurrean. Inprobisazioz, gardentasun ezaz eta estrategiarik gabeko jardueraz markatutako kudeaketa izan da. Horren ondorio da kolapsorako atarian dagoen enpresa bat, norabiderik gabe, proiekturik gabe zein etorkizunik gabe. Gaur egungo egoera ez da kanpoko faktoreen edo merkatuaren ondorio, baizik eta barruan hartutako erabaki oker eta bakarti baten ondorioa. Langileekin inolako parte-hartzerik edo kontsultarik egin gabe jardín izanaren ondorioa».

«Dokumentua plantilaren %95ek sinatu zuen, eta bertan jaso genuen Carlos Juaristik, Juaristiren jabeak, enpresa honako arlo hauetan nola kudeatu duenarekiko gure desadostasuna», oroitarazi dute. Batetik, barne antolaketari dagokionez: «Erabaki garrantzitsu guztiak pertsona bakar batek hartzen ditu modu zentralizatuan, bezeroekin, merkataritza-agenteekin edo barnearduradunekin harreman zuzena izan gabe». Bestetik, giza baliabideen arloan: «Hilabete gutxitan, plantilaren %40 inguruk enpresa utzi du, eta ez da neurri bakar bat ere hartu talentu-, ezagutza- eta esperientzia-galera larri hori geldiarazteko». 

Agente, banatzaile eta hornitzaileen aurrean hartutako erabakiak ere kritikatu dituzte, ondo funtzionatzen zuten sareak desegin direlako. Kudeaketa sistema «pertsonalista, eraginkortasunik gabea eta gardentasunik gabea» dela berresten dute langileek. Eta, ondorioz, «enpresa norabiderik gabe eta hobekuntza tresnarik gabe dago», ziurtatu dute.

«Hilabete gutxitan, plantilaren %40 inguruk enpresa utzi du, eta ez da neurri bakar bat ere hartu talentu-, ezagutza- eta esperientzia-galera larri hori geldiarazteko», salatu dute langileek

 

«Irailean prentsaurrekoa eman genuen, Azkoitian manifestazio jendetsua antolatu genuen, herriaren babesa jaso genuen eta hondamendira eraman gaituen egiteko modu baten aurkako herriaren gaitzespena agerian geratu zen. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarraitu dugu, eta enpresa erosteko eta proiektu berri bati ekiteko interesa zuten inbertsoreen proposamen serioak ere aurkeztu zitzaizkion Carlos Juaristiri», jakinarazi dute.

«Inbertsioreei ez die erantzuten»

Hiru hilabete geroago, ordea, «jabeak batzordearekin berarekin biltzeko egindako eskaerak baztertzen ditu (hirugarrenen bidez iristen zaigun erantzuna da ez duela ezer esateko), Eusko Jaurlaritzari telefonoa ez diola hartzen esaten digute, enpresa erosi nahi duten inbertsoreei ez diela erantzuten, ez dela banku finantzaketarik egongo, eta bere solaskide guztiek galdetzen diotela zergatik ez duen oraindik enpresa konkurtsoan sartu. Bitartean, Juaristin epaiketak eta
epaiak iristen ari dira, eta egunero lankideei agur esan behar diegu, batzuk 20, 25 edo 30 urte enpresan daramatzatenak. Eta isilik joaten dira. Isilik goaz», aitortu dute.

«Gutun hau laguntza-eske oihu bat da. Lagundu gaitzakeen edonorentzat zuzendua. Eta baita betebehar moral bat ere. Uste baitugu ez ahazteko betebeharra dugula. Ez ahaztea bide triste honetan erori diren guztiak: Azkoitiako gure lankideak, mundu osoko gure agente eta banatzaileak, gugan konfiantza jarri zuten bezeroak, eta gure hornitzaile, kolaboratzaile eta tailer laguntzaile guztiak, urte luzez sorbaldaz sorbalda lan egin dugun horiek. Haiek jakin dezatela Juaristin oraindik badagoela enpresa honen oinarriak sortu zirenean defendatzen ziren balioak defendatzen dituen jendea. Eta jakin dezatela guk ez ditugula ahazten», amaitu dute.