INFO

Patagoniako gazteen agerraldi sutsua Royal Flush bide historikoan

Tomas eta Pedro Odell anaiek eta Bauti Gregorinik Fitz Roy edo Cerro Chalteneko ekialdeko horman dagoen ibilbidea errepikatu dute. Hirukote gazte horrek ezin izan du 1.250 metroko marra hori (7b A0) guztiz era askean igo.

Hirukote gazteak lan ederra egin du Fitz Royko "Royal flush" bide historikoan. (Bauti Gregorini)

El Chalten (Patagonia, Argentina) herri oso gaztea da. 80ko hamarraldian forma hartzen hasi zen, eta harrezkeroztik ingurumari horretako erpinetara, orratzetara eta hormetara abiatzen diren mundu zabaleko eskalatzaileen kanpaleku nagusi bihurtu da. Hainbat ikuspuntutik begiratuta, urteen poderioz, El Chalten asko aldatu da; baita bertako eskalatzaileen egoera ere.

El Chaltenen bertan jaiotako hainbat gazteren jarduerak gero eta gehiago entzuten dira azken urteotan. Tomas (20 urte) eta Pedro (22) Odell anaiak talde horretako ordezkariak dira. Hots, lehen belaunaldiko ordezkariak. Nahiz eta oso gazteak diren, etxe ondoan dituzten mendietan eskalada ederrak egin dituzte. Duela bi urte, adibidez, bi anaiok gai izan ziren Cerro Chalten (Fitz Roy) eta Cerro Torre igotzeko. Denboraldi honetan, berriz, azpimarra merezi duen beste jarduera bat egin dute. El Chaltenen bertan bizi den Bauti Gregorinirekin (20 urte) Fitz Roy edo Cerro Chalteneko ekialdeko horman dagoen Royal Flush bidea (7b A0, 1.250 m) errepikatu zuten. 

Gogora dezagun ibilbide historiko hori talde aleman indartsu batek sortu zuela 1995ean. Kurt Albert, Bernd Andold, Jorg Gerschel eta Lutz Richter izan ziren protagonistak. Kalitate eta estetika handiko marra hori gailurretik 300 metrora ‘zintzilik’ utzi zuten. Hiru urte beranduago, hirukote batek lehen eskalada integrala (lurretik tontorrera) egin zuen.

Royal Flush bidea zabaldu zutenek soilik luze bat librean kateatu gabe utzi zuten. Tommy Caldwellek artifizialeko luze hori askatu eta 7c maila proposatu zuen. Baina izotzaren eragozpenarengatik estatubatuarrak ezin izan zuen bide osoa era askean igo, eta horregatik bere maila 7b A0 bezala geratu da. Oro har, ibilbide hori oso bustita egoten da, eta horregatik inork ezin izan dio puntu gorria jarri. Horrekin batera aurreratu behar dugu oso errepikapen gutxi jaso dituela; gutxi gorabehera, bost.

Odell anaiena eta Gregorinirena azkena izan da. Hirukote gazte hori ere saiatu da Royal Flush”librean eskalatzen, baina aurrekoek bezala oso baldintza hezeak aurkitu zituzten: «Pena da, baina luze hori egoera kaskarrean zegoen. Gainerako luze guztietan ez dago arazorik. Halere, eremu nahasi eta bertikal batean ondo estutu behar da. Oro har, 6c eta 7a mailako luze asko eskalatzen dira».

Kalitate bikaina

Gazteon jarduerari dagokionez, aurreratu behar dugu lau egunekoa izan zela. Horman bi egun egin zituzten 43 luzeak eskalatu ahal izateko. Lehen zortzi luzeetan borrokatu ondoren, hurrengoetan librean igotzeko ez zuten aukerarik izan: «Erreka bertikal bat zirudien. Une jakin horretan asmo hori baztertu eta tontorra lortzeko helburuarekin jarraitu genuen. Hamalaugarren luzean, adibidez, elurrezko erlaitz bat antolatu genuen. Eserita igaro genuen gau hotz eta deserosoa. Biharamunean, bigarren zatiari ekin genion. Granito grisak laranja kolorea hartu zuen. Ikaragarrizko sekzioak igo genituen: diedro perfektuak, splitter bikainak… 33. luzera heldu eta azken bibaka egiteko asmoa genuen. Oraindik 300 metro falta ziren tontorra zapaltzeko, baina puntu horretara egun argiz iritsi ginen. Oso motibatuta geundenez, aurrera jarraitu eta gauerdian Cerro Chalteneko puntu garaiena zapaldu genuen. Han bertan bibaka egin eta hurrengo egunean 1.250 metro horiek rappelatu genituen».

Baldintza kaskarrez gain, talde gazte horrek esan du Royal Flush-en izan diren luiziek eragina izan dutela bidean. Iragan martxoan, adibidez, marraren goiko sekzioan plaka bat askatu zen. Zati horrek tximinia moduko ezaugarria hartu zuen; erabat puskatuta eta hutsune tarte handi batekin. Alabaina, Odell anaiek eta Gregorinik ez zuten buruhausterik izan zati hori gainditzeko; diote tximinia hori 6c mailakoa dela. 

Bide batez, protagonistok diote ibilbidea librean eskalatzeko aukera bakarra izan zutela: «Helburu hori lortu ahal izateko, eguraldi leiho on bat izateaz gain, baldintza egokiak behar dira. Goi aldean izan diren aldaketa horiek ere, igoeran eragin zuzena izan zuten. Eguraldiarekin, bederen, zorte handia izan genuen».