INFO

Altuna, jatorri deiturako kide berria

Euskal Sagardoa jatorri deituran dauden 46 upategien zerrendara batu da Urnietako Altuna sagardotegia. Xabier Altuna Jauregik zuzentzen du 2023az geroztik eta lehenbiziko momentutik egin du bertako sagarraren aldeko apustua. Iaz merkaturatu zituen “Euskal Sagardoa” zigilua daramaten lehen botilak.

Xabier Altuna, Euskal Sagardoaren zigilua daramaten upelen ondoan. (J.S.)

Urnietako beste etxe askotan bezala, Galarraga baserrian ere betidanik egin izan dute sagardoa eta, XIX. mende amaieran, Xabierren birraiton-amonak bertara iritsi zirenetik, lau belaunaldi dira sagardogintzan aritu direnak.

Orain dela hiru urte, Xabierren aita Xantik erretiroa hartu zuenean, bera egin zen sagardotegiaren kargu, bere ama Mari Karmen Jauregirekin batera, eta Euskal Sagardoaren ziurtagiriak lortzeko urratsak egiten hasi ziren. Baina horrek ez du esan nahi lan egiteko modua asko aldatu dutenik, betidanik erabili izan baitute etxeko eta inguruetako sagarra. «Aldaketa nagusia burokrazian dago -dio Xabierrek-, sagastietatik hasi eta upelera arte denak ziurtatuta egon behar duelako, eta produkzio guztiak Fraisoroko analisi eta kata paneletatik pasa behar duelako».

Jatorri deiturako kide izatera zerk animatu dituen galdetzerakoan, bertako sagarraren aldeko apustua nabarmendu du: «Guk beti izan dugu menpekotasun gutxi kanpoko sagarrarekin, eta gure asmoa da gero eta gutxiago izatea».

Horretarako, altunatarrek etxe inguruan dituzten hiru hektareako sagastietatik jasotzen dute sagarra, baita Gipuzkoako beste herri batzuetako sagastietatik ere. «Guk 70.000 litro inguru egiten ditugu, sagar urtea denean gehixeago, baina ez dugu kopuru hori handitzeko asmorik, beraz ondo moldatzen gara hemengo sagarrarekin», dio.

Bertako sagarraren aldeko apustuak, ordea, badu eragozpenik, batez ere sagar gutxiko urtea denean. Arazo horri aurre egiteko, Xabier Altuna beste hektarea eta erdi prestatzen ari da, etorkizunean kanpoko sagarraren mendekotasun hori desagerrarazteko. Azkeneko uzta ugaria izan denez, %40 igo dute Euskal Sagardo ekoizpena.

Merkaturatzeari dagokionez ere, Euskal Sagardoak baditu, halaber, berezitasunak, zenbait bezerok prezioari bakarrik erreparatzen diotelako. Hala ere, Altuna baikor ageri da erakundeen babesarekin gauzak aldatzen ari direlako.

Txotx denboraldiari begira, modu tradizionalean lan egiten jarraitzeko asmoa du. Hau da, ohiko menuarekin eta urtarriletik maiatzera bitartean. «Larunbat honetan hasiko gara, urtarrilaren 17an, eta maiatzaren 17ra arte arituko gara, astearte gauetik igande eguerdira arte bazkariak eta afariak ematen», azaldu du Xabierrek.

Beste sagardotegietan gertatzen den moduan, erreserba gehienak larunbat eguerdirako jasotzen dituzte, baina Xabierrek animatu egin nahi du jendea astean zehar ere sagardotegira hurbiltzera. Urnietako upategi honek badu, gainera, besteek ez duten abantaila bat: berrehun metrotara tren geltokia du, eta gauetan 23.00ak ingurura arte tren zerbitzua dago Donostia edo Tolosa aldera joateko, autoa hartu beharrik gabe.