Milaka lagunek zeharkatu dute Kopenhage «Groenlandia ez dago salgai» oihu artean
Milaka herritar atera dira larunbat honetan Kopenhageko kaleetara, 15.000 pertsona baino gehiago antolatzaileen esanetan, Groenlandia ez dagoela salgai aldarrikatzera. Bestalde, Trumpek, Groenlandiari babesa adierazi dien Europako herrialdeei muga-zergak jarri dizkiela ohartarazi du.
Milaka pertsona ibildu dira larunbat honetan Kopenhageko erdigunean, «Groenlandia ez dago salgai» oihukatuz eta Donald Trump AEBko presidenteak Danimarkako lurralde autonomo hori bereganatzeko egindako mehatxuen aurka mobilizatuz.
Danimarkan bizi diren groenlandiarren erakundeek eta Danimarkako gobernuz kanpoko erakunde batek deitutako manifestazioa Udaletxeko plazan hasi da, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Sisse Marie Welling Kopenhageko alkateak eta Groenlandiako zenbait politikarik.
«Ezin da jendea erosi, ezin da munduko mapa boteretsuen nahien arabera aldatu», adierazi du mobilizazioaren ostean Wellingek. Pipaluk Lyngek, Groenlandiako diputatu autonomikoak, Trumpen azken egunetako erabakien inguruan hitz egitean zehaztu du, «ez da Groenlandia bakarrik, munduko ordena osoa baizik».
Antolatzaileen arabera, 15.000 pertsona elkartu dira hiriburuko plazan, eta Danimarkako eta Groenlandiako banderak astindu dituzte eta «Kalaallit nunaat, kalaallit pigaat» (Groenlandia groenlandiarrena da) bezalako kantak abestearekin batera.
Hurrengo egunetan, mobilizazio gehiago
Manifestazioa Estatu Batuetako enbaxadaren aurrean amaitu da, eta bertan Groenlandia salgai ez dagoela zioten kontsignak errepikatu dituzte protestan zeuden herritarrek. Milaka pertsonak parte hartu dute antzeko beste elkarretaratze batzuetan, Danimarkako beste hiri nagusietan, hala nola Aarhusen, Odensen eta Aalborgen.
Arratsaldeko 15.00etarako beste manifestazio bat dago deituta Nuuken, Groenlandiakoa hiriburuan, eta antzeko ekilemak uharte artikoko beste herri batzuetara zabalduko direla aurreratu dute.
Trumpek Groenlandia bereganatzeko nahia berretsi du azken asteotan, segurtasun nazionaleko arrazoiak aipatuz, baina Danimarkako Gobernuak eta Groenlandiako Gobernuak Danimarkako Erresumaren lurralde osotasuna eta groenlandiarren autodeterminazioa defendatu dituzte.
Muga-zergak Groenlandiako aliatu europarrei
Era berean, Trumpek larunbat honetan iragarri duenez, otsailaren 1etik aurrera % 10eko muga-zerga gehigarriak ezarriko dizkie Danimarkari, Norvegiari, Suediari, Frantziari, Alemaniari, Erresuma Batuari, Herbehereei eta Finlandiari, Groenlandiari uhartearen kontrola bereganatzeko mehatxuaren aurrean babesa adierazteagatik.
Zerga hori ekainaren 1etik aurrera % 25era igoko da, eta «Groenlandia osoa eta osorik erosteko akordioa lortu arte ordaindu beharko da», jakinarazi du agintariak Truth Social plataforman.
Trumpek herrialde horiek aipatu ditu, haien ordezkariek «helburu ezezagunekin bidaiatu dutelako Groenlandiara" argudiatuz, eta gehitu du «gure planetaren segurtasunerako eta biziraupenerako oso egoera arriskutsua sortu dutelako».
«Herrialde horiek, joko arriskutsu honetan parte hartzen dutenek, arrisku maila jasanezina jarri dute jokoan», ohartarazi du AEBko presidenteak, erabaki hori hartu behar izan duela «egoera potentzialki arriskutsu hau azkar eta zalantzarik gabe amai dadin».
EBren erantzuna
Muga-zergen aurrean «erantzun bateratua» iragarri du Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak. «EB beti izango da oso irmoa nazioarteko zuzenbidearen defentsan, edonon dela ere, eta, jakina, EBko Estatu kideen lurraldetik hasita», adierazi du Asuncionen eskainitako prentsaurrekoan, Mercosurrekin sinatutako akordioaren harira.
Bere ustez, EBren eta Mercosurren arteko merkataritza itunak mezu «oso argia» bidaltzen dio munduari, «bakea» eta lankidetzaren aldekoa. «Oparotasuna nahi badugu, merkatuak ireki behar ditugu, eta ez itxi. Integrazio ekonomikoko eremuak sortu behar ditugu, eta ez muga-zergak handitu», gaineratu du.