INFO

Prozesu judizialen aurrean Guardetxea gaztetxea defendatzen jarraituko dute Donostiako gazteek

Urtarrilaren 27an epaituak izango dira Guardetxea Donostiako gaztetxearen okupazioagatik. Ostegunean egindako agerraldi batean, «prozesu judizialen edota indarkeria polizialaren aurrean elkartasun antolatuaren bitartez» erantzungo dutela argi utzi zuten. Elkartasuna antolatzeko deia egin zuten.

Guardetxearen alde ostegunean egindako agerraldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostiako Guardetxea gaztetxea berriz okupatzeagatik abiatutako prozesu judizialaren epaiketa urtarrilaren 27an izango da. Horren aurrean, gazteek «prozesu judizialen edota indarkeria polizialaren aurrean elkartasun antolatuaren bitartez» erantzungo dutela argi utzi zuten ostegunean egindako agerraldi batean.

Azaldu zutenez, Guardetxearen kontrako salaketa ez dute modu isolatuan ikusten. «Kapitalismoa egiturazko krisi sakon batean murgilduta dago, eta honek zera esan nahi du; kapital metaketa eta irabazi ekonomikoak handitzeko, ezinbestekoa dela langileriaren bizi baldintzen kaskartzea. Ondorioz, aurreikus daitekeen moduan, gatazka eta tentsio sozialak ugarituko dira eta botereari eutsi ahal izateko errepresio mekanismoak indartzen dituzte», adierazi zuten.

Gaineratu zutenez, «aspaldiko aldarrikapena» da Donostiako Alde Zaharreko gazteek kudeaturiko espazio autogestionatu baten beharra, «eta une honetan aldarrikapen honek inoiz baino indar gehiago duela esan dezakegu».

Joan den maiatzaren lehenean berreskuratu zuten espazioa gazteek, sei urtez hutsik egon ondoren, Udalaren arabera berrikuntza lanak egin beha zirelako. «Bi urtez Udal Gobernuarekin biltzen saiatu ostean, eraikina okupatzea beste aukerarik ez genuen izan», azaldu zuten.

Hilabete luze hauetan askotariko eskaintza politiko zein kulturala antolatu dute Guardetxean: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, proiekzioak, hitzaldiak, magoa, formakuntza saioak, kirol entrenamenduak, bakarrizketak, bertso txapelketa, elkartasun ekimenak, Doako Azoka, txalaparta klaseak...

Orain, 2026rako Udal Aurrekontuak onartuta daudenean, Guardetxea konpontzeko diru partidarik ez dagoela salatu zuten gazteek. «Beraz, honakoa da Udalak hartu behar duen erabakia: Errepresio eta indarkeria polizialaren bitartez Gaztetxea desalojatu, eta eraikina gutxienez beste urte betez hutsik eduki edo martxan dagoen eta modu komunitario zein irekian funtzionatzen duen proiektua errespetatu», gaineratu zuten.