«Euskal talde mordoa dago, bai, baina ez dute euskaraz egiten»
Mainstreamaren eskuliburuari men eginez gero, normatik ateratzen den musikaria da Unai Pelayo (Donostia, 1989). Marearen kontra egin baino, ordea, itsasertzetik ibiltzea nahiago du Pelaxek. Ertzaren apologiarik egin gabe, musikaz bizi ez, baina erraietatik bizi du. Musika irakaslea da ofizioz.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
2013an hasi zen oholtzara igo eta zuzeneko musika egiten Unai Pelayo; lehenik bakarka, ostean banda formatuan. Lagun arteko «esperimentazioaren» bitartez, rocka, bluesa eta progresiboaren konpas artean, estilo eta toki propioa aurkitu du laukoteak. 2024ean kaleratu zuten haien azken diskoa, 'Esan gabe doa', eta urtebetera bakarka argitaratu zuen Pelaxek 'Koberrak', «nire musikari ibilbidean gurutzatu ditudan lagun eta erreferenteen kantuak» bertsionatuz.
Masentzako taldea ez zarete, baina baduzue zuen publiko fidela.
Bai, egia esan horrekin oso pozik gaude. Ia urtebete pasa dugu jo gabe, urte amaiera hasi ginen berriz kontzertuak ematen, hiruzpalau eskaini ditugu, eta konturatu gara kantuek ongi erroposatu dutela. Jendeak gogoz hartu gaitu. Nik asko erreparatzen diot jotzen ari naizen bitartean jendea nola dagoen, eta sartuta ikusten ditut. Agian ez daude dantzan (barreak) baina bai, denak ikusten ditut guri begira eta sentsazioa da konektatuta daudela.
Geroz eta gutxiago ikusten dira bertsioz osatutako albumak. Nola hautatzen dira hain pertsonala izan daitekeen disko baterako kantuak?
Argi nuen nire musikari ibilbidean gurutzatu ditudan lagunen kantuak izan behar zutela. Eta niretzako oso erreferenteak direnak; nire osaba edo Beñat Antxustegi esaterako. Baita bidean topatu ditudan eta egin ditudan lagunak ere: Xabi Bizkai, Sorotan Babieseko kantaria, bestalde Iñigo Irazoki, baxua jotzen duela eta gure disko guztiak grabatu dituenak. Sofa pila bat miresten dudan taldea da, haien kantu bat ere badago. Ane Garciak egiten duen musika asko gustatzen zait ere bai, bere ahotsa. Lurra taldeak asko ukitu ninduen talde horietako bat da. Azken finean, bidean topatu ditudan lagun hauek omentzeko manera bat izan zitekeela iruditu zitzaidan. Taldearekin geldi ginen, Iker (Vazquez) sorbaldako ebakuntza baten zain zegoelako. Pentsatu genuen momentua zela hau egiteko.
Iraungitzeko data duen musika asko egiten da?
Nik uste dut baietz, musika eta artea oso efimeroa da, geroz eta gehiago. Geroz eta azkarrago pasatzen gara beste zerbaitetara. Eta musikarekin iraungitze oso laburreko nobedadeak eskaintzen dizkigu musika mundu honek. Batez ere ikuspegi enpresariala duten medio, promotore zein taldeek. Dena momentuan irentsi beharrekoa da eta horretara bultzatzen dute entzulea bera. Badirudi kriston antsia dagoela, baita ikusentzunezko edo literatura ekin ere.
«Dena momentuan irentsi beharrekoa da eta horretara bultzatzen dute entzulea bera. Badirudi kriston antsia dagoela, baita ikusentzunezko edo literaturan ere»
Autoekoizpenaren alde egin duzu hasieratik. Bide malkartsuak gustuko dituzunaren seinale?
Hori eta, bestalde, inork ez digulako beste ezer proposatu. Alegia, guregana ez da etorri bulego edo promotorerik kontzertu mordoa eskaintzen eta diskoen ekoizpen gastuak asumitzeko prest. Bide horretan sortu genuen Balio Dute. Ez da zigilu bat, ez baitugu taldeen ekoizpena laguntzeko horrenbesteko aurrekontu. Agian izan da modu bat jendeari esateko hemen ere badagoela mamia, itzalpean badirela talde mordoa balio dutenak, eta ez dezatela jo bakarrik mainstreamera. Momentuz barrura begirako kolektibo bat da, elkarrekin lan egin eta bebesteko. Batzuetan sentsazioa dut denak gabiltzala elkarri ukondoka erakusleihoaren tokirik onena hartzeko.
Kutixi jaialdia antolatzen duzue. Taldeei ikusgarritasuna emateko?
Bai, giro polita duen jaialdia da. Kartel erakargarri bat eskaintzen saiatzen gara, beti ere kalitate filtro baten baitan. Publiko guztientzako jaialdia da eta uste dut nahiko orekatua dagoela estilo aldetik, genero aldetik ere saiakerak egiten ditugu eta euskarazko musika da. Kolektiboan sentsazioa dugu euskara ez dela erabiltzen lokalen barruan. Euskal talde mordoa dago, bai, baina euskal talde horiek ez dute euskaraz egiten. Datozen jaialdietan horri erreparatu nahi diogu.
Donostian musika espazio asko desagertu dira, nolakoa da egoera?
Hiria asko aldatu da, gu hasi ginenean toki mordoa zegoen jotzeko. Doka, Guardetxea... Gaur egun desagertu dira, desagerrarazi dituzte. Badirudi ahaztu dugula 2016ko Kultur Hiriburutza. Baina bertan aipatzen zuten hiriari men egingo zion oinordekotza bat egongo zela eta errealitatea da emanaldiak egiten zituzten areto zein gaztetxe guztiek existitzeari utzi diotela, areto bezala gutxienez. Bukoswkin jada ez da kontzerturik egiten, gaztetxerik ez dago kasik... Eta zer da gelditzen zaiguna? Instituzioek antolatutako kontzertuak, Kursaal edo edozein kultur etxeetan ematen direnak edo Dabadaba; areto pribatu bat, agenda antolatzerako orduan alor enpresarialari ere begiratu behar diona. Beraz, talde hasi berriek adibidez, ez dute tokirik 40 lagun bildu eta kontzertu bat eskaintzeko, ezta entseatzeko ere. Gero eta talde gutxiago dago baxu, bateria eta gitarra formatuan. Gehiago sortzen ari dira ordenagailu bat eta ahots mikrofono batekin. Finean, egongelan edo logelan entzeatzeko aukera ematen dutenak. Zaila behar du izan 16 urte eduki eta talde bat sortu nahi izatea.
Makroekitaldien garaian, zein toki dute Pelax bezalako taldeek?
Ez dute, zuzenean. Eta tokia dutenek laguntza dutelako da. Promotoreek promozionatzen dituztelako eta promotoreek antolatzen dituztelako horrelako ekitaldiak. Agente edo enpresa txiki pribatuak dira eta, askotan dirulaguntzak tarteko, lortzen dute halako makrojaialdiak egin eta etekin ekonomiko bat atera. Entzule bezala ez didate asko erakartzen halako jaialdi erraldoiek. Ez da interesgune bat niretzat hor egotea. Jazzaldian esaterako, bertako talde gisa jotzeko eskaintza egin ziguten, baina oso baldintza eskasetan. Horiek ez dira baldintzak Frigopie jartzen duen eszenatoki baten aurrean jotzeko. Gure helburua talde jasangarri bat izatea da, alegia, urteko balantzea izan dadila gutxienez zero eta lokala ordaindua edukitzea. Ez dut uste hortik pasa behar garenik hori lortzeko.
Zein paper jokatzen du horretan guztian musika zaleak?
Iruditzen zait exigentzia maila oso baxu dagoela eta, batzuetan, egiten den guztiari punta atera dakiokeenaren jarrera hartu beharko genukeela. Adibidez, euskaraz egiteagatik ez du esan nahi balio duenik, ez diogu mesederik egiten gure kulturari. Uste dut oso konformista garela eta muturren aurrean jartzen diguten lehenengo gauzarekin konformatzen garela. Autokontzientzia handiago batek gure gizartean sensibilidade artistiko minimo bat garatzen lagunduko luke. Gaur egun ikusten ez dudana. Adibidez, tabernari batek musika jarri behar badu, joera da streaming plataforma bat zabaldu, algoritmoak proposatzen dizun botoi berdea sakatu eta martxan uztea egun osoan zehar, kezkatu gabe. Hori niretzako kagada bat da.
«Jazzaldian esaterako, bertako talde gisa jotzeko eskaintza egin ziguten, baina oso baldintza eskasetan. Horiek ez dira baldintzak Frigopie jartzen duen eszenatoki baten aurrean jotzeko»
Pelax Spotify utzi duen euskal taldeen artean dago. Aski al da musikariek alde egitearekin?
Ez da nahikoa. Ni ez nengoen erabat ados kanpaina horrekin, uste dut fokoa entzulearengan jarri behar zela. Guri talde bezala ez zaigu kostatu Spotify uztea, asko kostatu baitzaigu bertan egotea. 2013an hasi ginen jotzen eta 12 urtetara sartu ginen, azkeneko diskoarekin praktikoki, barne eztabaida sakon bat eta gero. Urtebete eskas pasa eta proposamena iritsi zitzaigun, eta ez genuen asko pentstau ere ez. Baina antolatzaileei helarazi nahi izan genien taldeak atera gaitezkeela eta ongi dagoela ez ematea aukera entzuleari gu entzuteko, Pelax entzuteko, bertan. Ez zait iruditzen ere ez oso transzendentea izan daitekeenik. Baina arreta entzulearengan jarri behar zen; 1.001 alternatiba baititu gaur egun musika entzuteko. Pedagogiaa pixka bat egin, enpresa nondik datorren, zein irabazi dituen...
Zer da zuretzat musikari izatea?
Nik ulertzen dudan moduan, ni ez naiz musikaria. Bai, musika egiten dut, baina ez naiz sortzeaz bizi. Ni langilea naiz, nire jarduna egiten dut eta nire denbora librea hipotekatzen dut musika egiteko. Horregatik diot ez naizela musikaria eta, horrenbestez ere esan dezaket, pena handiz, Euskal Herrian musikari gutxi dagoela. Eszenaren gehiengoa langilea da. Egia da ni musika irakaslea naizela, musika adar bat dela nire ogibidea, baina (Iñigo) Ozaeta taldekidea irakaslea da, Andoni (Olaetxea) liburuzaina eta Iker (vazquez) fisioterapeuta da. Musika egiten musikari ez den jende asko dago, kriston kalitatezko musika egiten. Gustatuko litzaidake hau beste era batera izatea eta kalitate handiagoko eszena bat edukitzea; baldintza hobeetan mugitzea musikariak ez diren musikari hauek. Nik handitan musikari izan nahiko nuke, baina bitartean, musikari saiakerak egiten ari den pertsona bat naiz.