Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea eskatu dute LAB eta ELA sindikatuek
Euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu dute LAB eta ELA sindikatuek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako egoitzetan. Izan ere, erakunde publiko horietan, euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak arriskuan daudela ohartarazi dute.
‘Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publiko onik ez’ lelopean mobilizatu dira LAB eta ELA sindikatuak astelehen goizean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean bihar mobilizatuko dira, Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko elkarretaratzeak egin dituzte udal, foru aldundi, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta Jaurlaritzaren egoitzen aurrean. Era berean, administrazio publikoak interpelatu dituzte sindikatu abertzaleek eta euskaraz lan egiteko zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko exijitu dute. Eskubide horiek «arrisku larrian» daude ohartarazi dute.
Irati Tobar LAB sindikatuko ordezkariak azpimarratu duenez, epaitegietan azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboak «ez dira puntualak» eta «euskararen normalizazioa oztopatzea» bilatzen dute.
Ildo horretatik, euskararen kontrako salaketa horien atzean, euskara bere garairik ilunetara itzultzea bilatzen dutela salatu du LAB sindikatuak: «CCOOk eta UGTk, lanpostuak euskararen eskakizunekin betetzeko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan, enplegu publikoko hizkuntza eskakizunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu horiek bazka ematen diete epaile euskarafoboei, eta, PP-VOX et PSE alderdiekin batera, euskara frankismo garaira eraman nahi dute, urratsez urrats eremu publikotik ateraz».
Horren aurrean, «euskara gehiago bultzatzea» eta «euskarak kohesio sozialerako zubia izatea» aldarrikatu dute. Besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu LABek: administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea, Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea eta pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea hizkuntza klausulen bidez.
Haatik, EAJk legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak «ahulezia egoera betikotzen duela» uste du LABek, «zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu» egiten baitu, «euskararen normalizazioan atzera egitea» erraztuz. Bide horretan, Tobarrek eskatu dio EAJri ausardia erakustea eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamenarekin bat egitea, bereziki, euskara eta gaztelaina parekatzen duelako.
ELA: «Neurri zehatzak»
Ildo beretik, ELA sindikatuak nabarmendu du «euskararik gabe kalitatezko zerbitzua ezin dela eskaini». Abenduan hasierako dinamikarekin jarraipena ematea dute xede. «Indarra hartzen ari dira epai eta diskurtso euskarafobikoak, eta, ezinbestean, guk beste norabidean arraun egin behar dugu, horretarako langileen eta gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa izango da», azpimarratu du Igor Eizagirre ELAko ordezkariak.
ELAren ustez, «epai eta diskurtso euskarafoboek euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jo duten honetan, ezinbestekoa da kontrako norabidea egitea eta euskararen eta gaztelaniaren ezagutza parekatzea». Hori dela eta, agintariak eta alderdi politikoak interpelatu ditu ELAk: «Neuri zehatzak hartzea ezinbestekoa da. Une honetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidan dauden bi lege proposamenen aurrean, parekatze hori bermatuko duen eta estatuko injerentziatik babestua egongo den legea behar dugu eta horren alde egitea eskatzen diogu legebiltzarkideei».
Hain zuzen, Mahai Orokorrean neurriak hartzeko orduan, «asmo gutxi erakustea» aurpegiratu dio ELAk Lakuari: «115.000 langile publikoen baldintzak eztabaidatzeko Mahai Orokorrean, -Osakidetza, Ertzaintza edo Lanbide Heziketakoak kasu- euskararen aurkako erasoak erlatibizatu eta langileak euskalduntzeko neurriak eta baliabideak hartzeko asmo gutxi erakutsi zuen Eusko Jaurlaritzak». Gauzak horrela, ELAk eskatu dio jarreraz aldatzeko.