Estatuko markoa hautsi eta %36 arteko igoerak lortu ditu ELAk Congelados de Navarra enpresan
%36 arteko soldata igoerak lortu ditu ELAk Congelados de Navarra enpresan hitzarmen propioa sinatuta. Orain arte, UGT eta CCOOren eskutik Estatu mailakoa ezartzen zen. Marko hori apurtzearen garrantzia nabarmendu du ELAk.
Lehen aldiz Nafarroako Erriberako elikagaien industria handienetako batean, Congelados de Navarra enpresan, hitzarmen propioa lortu du ELAk. Sindikatu honek nabarmendu duenez, akordio honen bidez «UGTk eta CCOOk Madrildik inposatzen dituzten lan baldintzak eta Estatuko lan hitzarmeneko tauletakoak baino soldata hobeak lortu dira».
Gauzak horrela, ELAk nabarmendu duenez, %21 eta %36 arteko igoerak lortu dituzte Congelados de Navarrak Arguedas eta Fustiñanan dituen lantegietan. Orotara, 800dik gora langile aritzen dira bertan. Arguedaseko lantegian zortzi ordezkari ditu ELAk eta bost UGTk eta Fustiñakoan ELAk hamar ordezkari ditu, UGTk hiru eta lau independente daude.
Viviana Vanessa Rodriguez Justiniano (Fustiñana) eta Maricela Suarez Henao (Arguedas) ELAko ordezkariek azaldu dutenez, «hobekuntza nagusia da kategoriarik apalenetan soldata tauletan izango den igoera, orain arte Madrildik ezartzen baitzituzten UGTk eta CCOOk». Igoera %21ekoa izango da laguntzaileentzat, %28koa espezialistentzat, %30ekoa 2. mailako ofizialentzat eta % 36koa beste kategoria batzuetako langileentzat. Ordainsariak KPItik gora handituko dira (2027an eta 2028an KPI+% 1,5). Gainera, akordioari esker gaueko eta aparteko orduen prezioa handituko da, eta tenperatura baxuak pairatzen diren postu batzuetan plusak ordainduko dira.
Congelados de Navarrako hitzarmen berriaren baitan hiru urtetan lanaldia 28 ordu laburtuko da (hamabi 2026an, zortzi 2027an eta beste zortzi 2028an), hau da, lan egiteko hiru egun eta erdi gutxiago izango dira. Lantalde guztiak izango ditu, bestalde, hobekuntzak lizentzietan eta baimen berezietan, eta 1.200 euro gordineko sari bat jasoko du hitzarmena sinatzean. Halaber, ELAk 400 euroko fideltasun sari bat lortu du; berau 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko zaio enpresan lau urte baino gehiago daraman jendeari. Bestalde, adostu da hitzarmenaren ultraaktibitatea (indarrean jarraituko du haren ordezko beste bat sinatu arte), eta inaplikazio klausula bat, indargabetu ez den lan erreformatik blindatzen duena.
Estatu mailako hitzarmena ezartzen zen
«Orain arte enpresa honen bi lantegietan estatuko Kontserba Begetalen hitzarmena aplikatzen zen; honek baldintza oso kaskarrak ezartzen ditu, eta urtez urte UGTk eta CCOOk Madrilen inposatzen dute, Nafarroa mailako hitzarmena negoziatzea galarazten dutelarik», gogoratu du ELAk.
«Congelados de Navarrako negoziazioari ekin zitzaion langile talde batek, gehienbat migratuak, ELAren babesarekin antolatzea erabaki zuenean; ordezkari sindikalik ez zegoen lantegiotan hauteskunde sindikalak deitu zituzten. Arazoak arazo, lantaldearen zati handienak sostengua eman zien, baita saritu ere izan zuten ausardia eta sindikalismo ezberdina, borrokalaria, hautatu izana; honi guztiari esker iritsi da lehenengo hitzarmen hau», nabarmendu du ELAk.