INFO

Osasun zentro guztietan lehentasunez euskaraz artatzea eskatu du Baxenabarreko EHEk

Osasun zentro guztietan lehentasunez euskaraz artatzeko eskatu du larunbat honetan Baxenabarreko Euskal Herrian Euskarazek. Komunikatu bat kaleratu dute osasungintza hamarnaka profesionalen babesarekin.

EHEk Baionan eginiko protesta bat, artxiboko irudia. (Patxi Beltzaiz)

Nafarroa bEHErak, Baxenabarreko Euskal Herrian Euskaraz taldeak, dinamika berri bat abiatu du «osasun zentro guztietan lehentasunez euskaraz» artatuak izan daitezen. Salatu dute herritarren osasun ona helburu omen duten guneetan euskaldunak «bigarren mailako herritar gisa» tratatuak direla. Kasu onenetan euskara «ahozkoan eta idatzian pixka bat erabiltzen» dela azaldu dute, baina kasu gehienetan ez dela kasik batere erabiltzen. Komunikatu bat zabaldu du larunbat honeta, eta bertan, osasungintzako Ipar Euskal Herriko profesionalen hamarnaka atxikipen lortu dituzte jadanik.

Osasun zentro guztietan ahozko zein idatzizko komunikazioan, lehentasunez euskaraz aritzea behar duela euskarak aldarrikatu dute: «Euskaldunen osasunak ere behar du, zeren kalitatezko arreta eta arta bermatzeko, hizkuntzak garrantzia handia du, pazienteek eta osasungintzako profesionalek ongi elkar ulertzeko, eta arreta eta arta euskaraz eskuratu nahi dutenenentzat euskaraz eskuratzea terapeutikoa delako». Hori kontutan harturik, medikuntzaren inguruko jakintzaz gain, profesionalek euskaraz jakin behar dutela ondorioztatu du EHEk.

«Arreta eta arta euskaraz ematea osasungintzako profesionalen eskubide da eta eskaintza osasun zentroen betebeharra da», deitoratu dute. «Euskal Herriko osasun zentro guztiei, ahozko zein idatzizko komunikazioan lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu, erran nahi baita bi jauzi egitea eskatzen diegula: lehenik euskaraz aritzea eta gehienik euskaraz aritzea, eri direnek arreta eta arta euskaraz eskuratu nahi dutela adierazi behar izan gabe», adierazi dute.

Kalitatezko osasungintza publikoa eskatu dute, «herritar guztiek arreta eta arta hoberenak ukaiteko eskubidea izatea». Eta horretarako, osasungintza publikoan inbertsio askoz handiagoak egin behar direla azaldu dute, osasungintzako profesionalen lan baldintzak hobetzearekin batera.