INFO

Popotxo, Txiki eta Jesus Ayestaran: hiru anaia sailkaezin

Jesus Ayestaranek 2008an Donostiako Liburutegi Nagusian egin zuen erakusketaren izenburu bera (‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’) hartu du Okendo kultur etxean Ayestaran anaiei eskaini zaienak. Txiki, Popotxo eta Jesus sailkaezinak bueltan datoz.

Potxotxo, erdian, 1978an, Orquesta Mondragoneko kideekin. (Jose MADRID)

Orain 50 urte sortu zen Orquesta Mondragon ospetsu eta zoroa, eta han egin zen ezagun Popotxo Ayestaran; surrealisten artean surrealistena. 1960ko hamarkadan Donostian sortu zen Los Agaros musika taldeko bateria zen Txiki, Ayestaran anaien artean zaharrena.

Biek 70eko eta 80ko hamarkadetan ‘Zehatz’ aldizkari politikoan eta ‘Oh Euzkadi’ literarioan argitaratu zituzten beraien marrazkiak. Eta gero anaia txikiena zegoen, Jesus. Hark ere marraztea zuen pasio.

Hiru osagai nagusi hauek ditu, besteak beste, atzo iluntzean Donostiako Okendo kultur etxeko eraikin zaharrean hiru anaia berezi hauen omenez zabalduko zen ‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ erakusketak.

Apirilaren 29an (19.00), Okendon, Los Agaros taldeari buruzko hitzaldi-kontzertua izango da. Maiatzaren 6an (19.00), mahai ingurua, Orquesta Mondragoneko kide ohiekin eta maiatzaren 7an (19.30), Victoria Eugenian, Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko kontzertua.

Maiatzaren 18ra arte egongo da ikusgai «lagunarteko erakusketa hau, lagun batzuei buruzkoa eta lagun artean egina dena», Joxean Muñozen hitzetan. Muñozek –idazlea, gidoilaria eta Tabakalerako zuzendari eta Kulturako sailburuorde ohia– erakusketaren komisariotzan lagundu dio Cheli Lanzagortari.

Gros auzoko kultur etxeko areto txiki bat hautatu dute, auzoko giro propioa mantendu nahian, eta antolatu diren ekitaldietan parte hartuko dutenen artean Ayestaranen lagun asko daude, esaterako Ricardo eta Angel Aldarondo.

‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ erakusketa honek Ayestaran anaien obra grafikoari begiratzen dio eta keinu bat egiten die hainbeste kultur asmo sortu ziren etxe irekiei, eta artea plazer hutsez egiten dutenei, barruko behar bati erantzunez.

«Hiru anaiak amateurrak ziren, horretan aritu ziren pasio hutsez eta ez ziren inoiz profesionalak izan horretan», dio Muñozek. Hirurek bizitza eman zuten marrazten, margotzen eta musika egiten, eta kaxak eta edonolako artefaktuak sortzen.

Apenas egin zuten erakusketarik, apenas argitaratu zuten. Ez ziren artista profesionalak. Etxean sortzen zuten. Beren kolkorako. Groseko etxeko ate irekiak Hiru anaiok elkarrekin bizi izan ziren, familia etxean, Grosen lehenbizi (San Frantzisko kalean) eta Rodilen, gero. Zabalik zuten etxea eta han, beste etxe askotan bezala, lagunartean pasatzen zuten eguna, ametsetan, eztabaidan, eta asmo zoroak ontzen, musikan batez ere.

Baina zeintzuk ziren Ayestaran anaiak? Iñakik, Txiki-k, (Donostia, 1943-2000) bateria jotzen zuen Los Agaros taldean: pop donostiarraren aitzindarietako bat izan zen eta Estatu espainolean LP diskoa estereoan grabatu zuen lehen pop musika taldea. Halaber, Mariasun Landaren lehen liburua ilustratu zuen (‘Amets uhinak’, Elkar 1981). 

Pedro M. Popotxo (Donostia, 1951-2020) La Orquesta Mondragon taldearen emankizunetako pertsonaia antzezten egin zen ezaguna. Taldearen bufoia edo clown-a zen. Umorezko hainbat spotetan parte hartu zuen EITBrako eta TVErako (Telenorte) eta, Javier Gurruchagarekin batera, hainbat filmetan ere bai. Ez zion inoiz marrazteari utzi.

Jesus (Donostia, 1953-2021) buru-belarri jardun zen marrazkiak eta margolanak egiten, irudiak eta soinuak fabrikatzen, baina inoiz ez zuen lanbide izan. Hiru aldiz erakutsi zituen bere lanak: lehena, 1996an, Pirelo’s tabernan; urte batzuk geroago ‘Biba la monarkia’ erakusketa aurkeztu zuen Beti Boga tabernan, Diego Letamendiarekin batera; eta 2008an Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, ‘Oharra: artistak ez du bisitarik nahi’ izeneko erakusketa.