Algoritmoaren itzalean
Agerikoa da inoiz ez ditugula hainbeste film eskura izan. Baina milaka istorio ikusteko aukera izateak ez du esan nahi guztiak aurki ditzakegunik. Plataformek ikus-entzunezko katalogoa erakusleiho bihurtu dute, eta ikusgarritasuna obra bera bezain garrantzitsua.
Azalean agertzen denak, algoritmoak gomendatzen duenak eta sustapen-kanpaina baten babesa duenak aukera handiagoa du ikusleengana iristeko, menuaren sakonean zokoratuta dagoen filmak baino.
Belaunaldi berriek zinema batez ere plataformen bidez deskubritzen badute, zer film ezagutuko dituzte, eta zein geratuko dira haien memoria kulturaletik kanpo?
Plataformak enpresa pribatuak dira eta erabaki komertzialen arabera jarduten dute. Baina zinema ondare kulturala ere bada, memoria kolektiboa eta garai baten lekukotza. Beharbada, iritsi da garaia geure buruari galdetzeko zer galduko dugun gure ikus-entzunezko memoriaren zati bat merkatuaren interesen esku uzten badugu.
Ez dezagun ahaztu filmak beste leku batzuetan ere bizi direla: etxeko apaletako diskoetan, film zaharrak zaintzen dituzten filmategietan, zineklubetako proiekzioetan eta pantaila handia piztuta mantentzen duten zinema-areto txikietan.
Zinema bizirik mantentzeko modurik ederrena ez da beti plataformetako hurrengo estreinaldiaren bila ibiltzea, baizik eta galduta edo ahaztuta genituela uste genuen film horiei berriro atea irekitzea.