Luxor globoz: faraoiak zerutik 03 NOV. 2023 - 08:00h Xabier Bañuelos Antzinako Egipton barrena egindako bidaian gauza miragarriak aurkitzen ahal direnez, gure ibilbideak ez gaitu axolagabe utziko. Etengabe harrituko gaituzte aurretik ikusiak ditugun irudiak eta irakurritako liburuak. Faraoien Egipto ezin da ezagutu Luxor ezagutu gabe. Lurretik... eta airetik ere bai. Amenofis III.aren oinetan eserita, begiradarekin marrazten ditut haren gorputz osoaren ertzak, eta Schuberten notekin eta Mayrhoferren bertsoekin inguratzen ditut. Nire begien lilura laguntzen du “Memnon” liederraren gozotasunak: Mit dir, des Morgens Göttin, mich zu einen, Und weit von diesem nichtigen Getriebe, Aus Sphären edler Freiheit, aus Sphären reiner Liebe, Ein stiller, bleicher Stern herab zu scheinen. “Zurekin elkartzeko, goizeko jainkosa, urrun engranaje hutsal honetatik, askatasun noblearen esferetatik, maitasun garbiaren esferetatik, dir-dir egiten du izar zurbil eta isil batek”. Goialdean, irudi hieratikoa koroatzen duen nemes desitxuratuak Tothen urdina urratzen du, jakituriaren ibisa. Une honetan faltan botatzen dut zeruan egotea, haren handitasunari jainkoen ikuspegi amaigabetik behatzeko. Egiptoarrek Nilo ibaiaren gaineko zerura begiratzen zuten, haien jainkoen bila. Zenbatek nahiko zuketen hegan egin, haiek bezala, mundua ikustearren. Lagundu ibis sakratuaren lumen irabiatzeari, ondoan duela Hor belatza, zeruko jainkoa; Nejbet saiarekin hegan egin, gerraren eta jaiotzaren jainkosa; Nebet-Het iluntasunaren jainkosa hegodunaren begirada sakonari so egin; eta asmakizunen jainkosa den Net hontzaren isiltasunez airea ferekatu. Luxorko lur sakratuen goialdeetara globoz igotzea antzinakoen irrika hori betetzea da nolabait. Uraren bideetan Luxor ez da edozein hiri Kemet edo Lur Beltzaren historian (halaxe deitzen zioten beren herrialdeari antzinako egiptoarrek). Goi Egiptoren bihotzean kokatua, bere ibaiaren historia taupadaka ari da, Saharako hondar mehatxagarriak alboetan dituela. Nilo ibaia hilezkor berritzen da, etenik gabe, bere ibarrak bizituz. Horrela izan zen garaien hastapenetatik, horrela izan zen 3.500 urtez Ra-k ekialdetik mendebaldera Mandjet txalupan nabigatzen zuelarik. Aldi luze hartan, deltako eta ibar haietako hirigune ugarietan bizi izan ziren egiptoarrak. Haien artean lau nabarmendu ziren: Alexandria, Menfis, Tel el Amarna eta, nola ez, Tebas. Hauxe izan zen hiririk garrantzitsuena Inperio Ertain eta Berrian, lehen mailako zentro politiko, kultural eta erlijiosoa mila urte eta erdian. Hain da inportantea, Egipto osoko tenplu eta nekropoli multzo handiena baitauka. Eta orduko Tebas haren gainean dago gaur egungo Luxor. Herria ibaiaren ekialdeko ertzean dago. Hala ere, iraganeko artearen eztandak bi ibaiertzak zipriztintzen ditu, eskuzabal. Kaleetatik irten gabe, Luxor eta Karnakeko tenpluek txundituta uzten dute, biak esfingeen etorbidetik 2 km-ra baitaude. Mendebaldera gurutzatzen badugu, Verdiren koru bat irudituko zaigu: musika harkaitzetik sortzen da zuzenean, bibrazioak zorupetik ateratzen dira Erregeen Haraneko, Erreginen Haraneko eta Nobleen Haraneko hipogeoetan, eta forma arkitektoniko eta eskultorikoak irensten ditu, Hatsepsut tenpluan, subiranoek eraiki zituzten tenplu ezberdinen hondakinetan, Deir el Medinan. Eta aldamenean, bakarti, Memnongo kolosoen presentzia ikaragarria. Ibaiko urak zeharkatuz, gure bidaian Luxor helmuga bihurtzen da, etapa baino gehiago. Ur-goraldian, Hapy jainkoaren babespean lehorreratuko gara, gure irudimenean entzuten diren zinbalo, sistro eta txirimien doinuen bidez kantu urrunetan murgiltzeko. Karnakeko gela hipostiloko zutabe handien artean eta Seti I.aren hilobi bikaineko galeria sarearen artean galduko gara, eta botetako hautsa astindu ondoren zerura begiratuko dugu. Hemen goitik Tutmosis II.aren tenplutik ez oso urrun dagoen zelai batera iritsi gara. Hiru edo lau globo lurrean pausatuta dauzkate oraindik. Beste batzuek hasi dute puzte prozesua. Erregailuek sugar handiak botatzen dituzte, airea berotzeko. Herensuge ikusezin baten arnasketa dirudi, sua botatzen duen bakoitzean hegaldi osoan gurekin izango den soinu gor berezi hori ateratzen duena. Globoak puztu eta altxatu egiten dira karga-zintak eta ontzitxoei eusten dien kordajea tenkatuz. Beteta daudenean, gorantz tiratzen hasten dira eta globoari tinko eutsi behar zaio. Ontziratzeko unea da. Korronteak Bidaia tokiak zumezkoak, larruzkoak eta zurezkoak dira, eta hamabi lagunentzako konpartimentu indibidualetan banatuta daude. Pilotuak munstroari putz egiten utzi dio, haren sugarren beroak grabitatea garaitu du eta gora igoarazi gaitu. Inurri ñimiño bihurtzeko adinako altuera lortu dugu pixkanaka. Noizean behin gorabehera txiki batek zabuka erabili gaitu, baina, harrigarria bada ere, egonkortasuna eta lasaitasuna dira nagusi. Hori bai, korronteetan gaude, norabide segururik gabe, hegaldia lasaia eta geldoa izan arren. Edertasun apetatsu baten mende sentitzen gara. Denbora moteltzen ari dela dirudi, garraiatzen gaituen animalia zoragarriaren hats beroak hautsitako isiltasunaren erdian. Une horretan haizearen erritmoak milaka urtetako historiaren gainetik hegan egitearen sentipena sortu digu, beheko mosaiko berde eta urrezkoari begira. Atentzioa ematen duen lehenengo gauza globoen dantza da, zeru zabalean. Globoek kolorez betetzen dituzte altuera ezberdinak, gainetik eta azpitik. Bigarren gauza uraren kontraste basatia da, berdea eta basamortua, Nilo ababorrera eta istriborrera barkuz eta faluz beteta. Talka dramatikoa da idortasunaren eta oasiaren artean, emankortasunaren eta haran lehorren artean. Hemen goitik erabat desberdina da ikuspegia. Jainkoen etxetik, tenpluetatik, mendietatik, haranetatik eta goi-lautadetatik, Nilotik... ikusita, gauzek beren benetako esentzia lurtarra hartzen dute. Espazioak eta bolumenak berreraiki behar dira, gauzen proiekzio berri bat ezagutzen ikasi; baina, hori lortuz gero, multzoaren dimentsioak ikuspegi berri bat irekitzen du. Begiradaz hartzen da dena, urruneko zerumuga zirkularrean dagoen guztia. Mundua murriztu eta zabaldu Era honetan, faraoien mundua murriztu eta zabaldu egiten da aldi berean. Hango aztarnek txikiagoak dirudite, baina, paradoxikoki, are gehiago ulertzen da handitasuna. Behean, handikeriak irentsi egiten gaitu, bai, baina zerutik ulertzen da dimentsio erlatiboak ingurunean integratuta daudela. Honela estimatzen dugu egiptoarren ahalegina, inperio bat eraikitzea lortzea, eta nola naturaren, ibai baten eta planetako basamorturik handienaren arteko borrokan, ezerezaren erdian, zibilizazio oso baterako euskarria sortzeko gai izan ziren. Esfingeen etorbideak kale hutsa izateari uzten dio. Airetik zilbor-hestea izatera pasatzen da, bilatzen ari den gizaki baten eta aurkitua izateko eskaintzen den natura baten artean. Ramesseum-ak, kameleoi bat bezala kamuflaturik, antzinako izenaren balioa eskatzen du: «Milioi bat urteko etxea Usermaatra Setepenra-n, Tebas hiria Amonen erresumarekin lotzen duena». Eta Deir el Bahari-ra itzultzen da Hatsepsut, bere oinordekoa zen Tutmosisi III.ak ezabatu zituen kartutxoetan bere izena berridazteko eta faraoi gisa bere burua berriz aldarrikatzeko. Shu, airearen eta argiaren jainkoak utzi digun lekuan lur hartu dugu. Eta gure baitan grabaturik geratu da antzinako Egipto ulertzeko modu berri bat, bere dimentsio mundutarrari eta transzendenteari dagokionez.