NAIZ
Tarragona

Zortzi eguzki berri Euskal Herriko sukaldaritzan

Repsol gidaren zortzi Eguzki berri jaso ditu euskal sukaldaritzak astelehen iluntzean Tarragonako Palaun egin den ekitaldian. 

Portugaleteko El Paladar jatetxea izan da sarituetako bat.
Portugaleteko El Paladar jatetxea izan da sarituetako bat. (Moro&Cáliz | Guía Repsol)

Estatu osoko jatetxeak eta mapak biltzen dituen Repsol gidaren Eguzki sariak banatu dira astelehen honetan Tarragonan egindako ekitaldian. Bertan izan da sari ematea bi arrazoi nagusirengatik: batetik, Katalunia mota honetako sari gehien dituen lurraldea delako eta, bestetik, aurten Gastronomiaren Munduko Eskualdea izendapena lortu duelako.

Baina, Kataluniako sukaldaritza gutxietsi gabe, Hego Euskal Herrian ‘egosten’ ari den gastronomiak ere hainbat errekonozimendu jaso ditu. Orotara zortzi izan dira Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan banatu diren sari berriak.

Deigarriena, akaso, lehen aldiz Eguzki bat eskuratu dutenen zerrenda da: 4 Gipuzkoan, 2 Nafarroan, eta bana Bizkaian eta Araban.

Gipuzkoarrei dagokionez, zerrendan Donostiako bi hoteletan kokatutako jatetxeak –Zenit San Martineko Aitor Santamariaren Sukaldean eta Luze hoteleko Itzuli–, Tolosako beterano bat –Nicolas erretegia– eta beste erretegi bat, Hondarribiako Sutan.

Nafarroan Funeseko Halconeras de Sancho IV –astean zehar baserri-eskola da; asteburuetan, jatetxea– eta Iruñeko Snob Cocktail and Food saritu dituzte.

Araban, Samaniego Gazteluko jatetxeak, Tierra y Vino deitzen denak, jaso Eguzki berria. Eta kontutan izateko izen bat: Portugaleteko Puente Colgante hotelean kokatutako El Paladar by Zuriñe García jatetxeko Zuriñe Garcia, bere talentu gastronomikoa maila gorenean erakusten ari den sukaldaria.