GAIAK

Giro paregabea erraldoien aurtengo azkenaurreko kalejiran

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Erraldoiek aurtengo sanferminetako azkenaurreko kalejirari ekin diote, autobus geltokitik, goizeko 09.30ean. Igande goiza izanda, eguraldi epel eta eguzkitsua lagun, jende dezente elkartu da ibilbidean erraldoi, kiliki, buruhandi eta zaldikoekin gozatzeko.

Autobus geltokitik Miserikordia Etxera abiatu dira erraldoiak, aurretik kilikiek eta zaldikoek «egurra» banatzen zutela. Giro ederrean, umeak kolpatzen, beldurtzen eta alaitzen aritu dira (kasu batzuetan, kontrakoa lortuz) eta, buruhandien laguntzarekin batera, haiekin argazkiak atera dituzte.

Miserikordia Etxera iritsita, Foruen plazatik bueltako bidea hartu dute, Ezpeletako jauregian atseden hartzeko. Atsedenaldiaren ostean, jauregiaren ate handietatik atera eta jendez lepo zeuden Alde Zaharreko kale estuetan barna ibili dira, 13.30 aldera Ezpeletako jauregian amaitu duten arte.

Caravinagrek ez ditu umeak beti beldurtzen. (NAIZ)

Ohi bezala, Alde Zaharreko kaleetan silleta pilaketak egon dira. Eta, ohi bezala, ume, guraso eta aiton-amona gehienek erraldoiak ibilbidean ikusi dituzte, gutxi batzuek konpartsako musikarien atzean jarraitu dituzten bitartean. Ume hauek dira, erraldoien dantzaldi eta dantzaldi artean, dantzariek erraldoia aparkatu eta ateratzen direnean, erraldoien azpiak ezagutzeko aukera izaten dituztenak.

Aritz Intxustak erreportaje batean gogoratzen zuen bezala, azken hamarkadan Iruñeko erraldoiek sona handia eskuratu dute eta ume askorentzat kalejira hitzordu garrantzitsua da (baita guraso askorentzat ere, erraldoien amaierak bermutarekin bat egiten baitu).

Astelehenean izango da azken kalejira, Ezpeletatik 09.30ean abiatu eta, hurrengo urtera arte, 13.30ean autobus geltokian amaituko dena.