30 NOV. 2025 LITERATURA Ederra zirudien Maialen Sobrino Lopez Mundua zabala da eta milaka bizipen gorpuzten ditugu mundutarrok, minak min, bizitzeko grinari eusteko ahaleginetan ari garen bitartean. Hori da Beatriz Chivite idazleak proposatzen digun bidaiaren mapa. Ibilbidea? Galdera bakar bat botata, hamar urteko bizialdian, han eta hemen jaso dituen erantzunen bilduma: «Bizitzako eszena bakar bat aukeratu beharko bazenu, sentitutako zoriontasuna betikotzeko, zein izango litzateke?». Olerkien apalean jarri dute liburua, nahiz eta bertze apal batzuetan ere baduen tokia, baina neurrikoa du izaera hibridoa oreka mantentzeko, galderak ezinbertzean jotzen duelako abstrakziora eta erantzunak, aldiz, errora garamatzalako zuzenean. Szymborskak erraten zuen poesia zerbait ulertzeko ahalegin hutsal bezain beharrezkoa dela eta poesiaren eginbeharra dela, hain zuzen ere, ohikoa lehen planora ekartzea berezkoa duen ezohikotasunari ongi erreparatu ahal izateko; alegia, oharkabean pasatzen denaz jabetzeko. Iduri du poesiaren pentagrama hori hartu eta gainean pausatu dituela kontakizunak Chivitek. Ez digu izenik ematen, doike, baina bultzatzen gaitu irudimena piztera “Eskoziako Y.M.” edo “Pakistango K.” inizialek zein izen-abizen ordezkatzen duten asmatzeko. Testuinguru laburra ematen digu ondotik, flash baten pare, eta oroitzapena motz-motz azkenik, orri erdian gehienez ere, klik, argazkia. Album guztietan bezala, haurtzaroa maiz ageri da, gazte garaiak, eta aldika klixeak bizi gaitu: «Eta bat-batean, han egon nahi nuen, besterik ez». Jolaserako ere ematen du: haur, gazte edo heldu baten ahotik aterako litzateke «ederra da norbaiti benetan gustatuko zaion zerbait ematea?». Txinan, Albanian edo Kanadan erranen lukete «2013ko abuztuan aitona eta amonak elkarri emandako azken besarkada ikusi nuen egongelatik?». Ordenan irakurri ordez, ausaz, txandaka, edo antzeztuta irakurriko bagenu? Izenburuek badute oihartzunik gure oroitzapenen artean? Duela urte batzuk argitaratu izan balitz, ezbairik gabe, Erasmus literaturatzat hartuko lukete obra eta nabaria da nondik jasoko lukeen egurra. Chivitek dozena erdi lan eman ditu argitara eta, hizkuntzaren artisaua baino, euskararen laborategian esperimentatzen ari den artista da. Eskerrak horretarako plaza ere badugun. Alegia baten parekoa da bukaera, denborak maiztuta, oroitzapenak ere halatsuak direlako. Banan-banan aletu dizkigu bizitzaren printzak, memoria kolektiboa eraikitzeko collage bat beharko dugu eta. Irakurleak 70 oroitzapen ditu, 70 geltoki eta bonus track bat, berea zein den mamurtzeko, hitzen bidez ulertzeko gure mundu hau. «Bizitzako eszena bakar bat aukeratu beharko bazenu, sentitutako zoriontasuna betikotzeko, zein izango litzateke?»