31 MAR. 2015 Sagardotegietako txotx garaia maiatzaren amaiera arte luzatuko da Sagardogileek indartu egin nahi dute 800 eta 1.000 lanpostu zuzen sortzen dituen txotx denboraldia. Jatorri izendapenak ere bultzada emango diela espero dute eta Europako erabakiaren zain daude. Joseba SALBADOR HERNANI Sagardotegietako ohiturak aldatzen ari dira eta orain gutxi arte txotx garaia Aste Santuan amaitzen bazen, orain luzatu egiten da hilabete bat edo bi; ze esanik ez aurten, Ostegun Santua gainean dugunean. Hala nabarmendu zuten atzo Euskal Herriko sagardogile elkarteek, eta txotx denboraldia maiatzaren amaiera arte luzatuko dela gogorarazi zuten Arantxa Eguzkitzak (Gipuzkoako elkartekoa), Jose Antonio Zamalloak (Bizkaia), Juanjo Peciñak (Araba) eta Jesus Angel Garciak (Nafarroa). Ekoizle gehienek, gainera, urte osoan zabalik izango dituzte upategiak, sagardoa botilan eskainiz. Elkarteetako ordezkariek garai berrietara egokitzeko egiten ari diren urratsak azaldu zituzten; izan ere, euren sagarrarekin egindako edaria eskaintzeaz gain, gero eta gehiago dira bisita gidatuak eta bertako beste hainbat produktu gastronomiko eskaintzen dituztenak. Bezeroen aldetik ere ari dira ohiturak aldatzen. Orain arte bezero gehienak ostegun, ostiral edo larunbat gauetan joaten ziren; egun, aldiz, joera nagusia larunbat eguerdietan joatea dela adierazi zuten. Modu batera edo bestera, txotx denboraldiak ekonomian duen eragina nabarmendu zuten. Izan ere, 800 eta 1.000 lanpostu zuzen sortzen ditu, beti ere behin-behinekoak, kontuan hartu gabe beste hainbat sektoretan duen eragina (taxilari, ostalari edo okinak). Hemendik hiru bat urtera lortzea espero duten jatorri izendapenak ere bultzada handia emango diela espero dute. Horretarako, aurkeztu dituzte sagar mota desberdinen ezaugarri genetikoak, eta Bruselaren erabakiaren zain daude. Aurten guztira ia hamar milioi litro ekoitzi dira Euskal Herrian (%90 Gipuzkoan). Txotx denboraldian saltzen dena, hala ere, ez da %10era iristen.