GARA Euskal Herriko egunkaria

Bilbo eta Getxo batuko ditu armagintza enpresen kontrako 8. bizikleta martxak


Armagintza enpresekiko eta sektore horretan inbertitzen den dirutzarekiko desadostasuna azaltzeko, Eguzki, Askapena, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM eta Komite Internazionalistak taldeek 8. bizikleta martxa egingo dute larunbatean, hilaren 11n.

Martxa 11.00etan abiatuko da Bilbotik, zehazki Bizkaiko Aldundiaren egoitzatik. Hortik Barakaldoko Precicast arma enpresara joango dira, eta Getxoko Sener izeneko enpresan amaituko dute ibilaldia.

Atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, ekimenaren helburua, batetik, armagintzan gero eta inbertsio handiagoak egiten direla salatzea da eta, bestetik, Euskal Herriko armagintza sektorean erakunde publikoek duten inplikazioa gaitzestea. Horiekin batera, enpresa horiek Israelgo Armadarekin dituzten loturak salatu zituzten.

Antolatzaileek adierazi zutenez, gastu militarra gora egiten ari da etengabe. Aurten, esaterako, Estatu espainolak 24.000 milioi euro inguru gastatuko du sektorean. Zifra horri beste bat gehitu behar zaio, hain zuzen, Madrilgo Gobernuak armagintza enpresekin duen 40.000 milioi euroko zorra. Era berean, Armagintza Programa Bereziei (PEAS, gaztelaniazko sigletan) bideratutako diru kopurua 10.000 milioi euro handitu da, alegia, Estatu espainolaren BPGaren %1, antolatzaileek jakinarazi zutenez.

Gaur egun, Euskal Herrian egiten dira Estatuan egiten diren armen %15-20 inguru.

Bizikleta martxaren bidez, industria militarra industria zibil bilakatzea eskatuko dute. Horren adibide gisa Orbea bizikleta fabrika aipatu zuten; izan ere, garai batean pistolak, errebolberrak eta arma laburrak egiten zituen enpresa horrek.