10 AVR. 2015 «Txarriboda», diru goseak eragindako erritu-krimenak Gaur iritsiko da zinema aretoetara Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendutako «Txarriboda» euskarazko filma. Thriller honetan gizakiaren alde ilunena agertu nahi izan dute. Amalur ARTOLA BILBO Fran (Mikel Losada) eta Klara (Itziar Atienza) edozer egiteko gauza dira nahi duten hura lortzearren. Lehenak dirua du obsesio eta ez du senar-emazteen arteko arazoen ondorioz bere aberastasun ekonomikoa galtzeko batere asmorik; nahiago izango du emaztea erail eta, atentzioa desbideratzeko, susmoak emakumeak erailtzen dituen serie-hiltzaile batera bideratu. Ustezko erritu-krimen horiek ikertzea Klarari egokituko zaio, justizia bilatzeko bidean edozer egiteko prest dagoen polizia adituari. Bi horiek dira gaur Hego Euskal Herriko zinemetan eta euskaraz (gazteleraz azpititulatuta) aurkeztuko den “Txarriboda” filmaren protagonista nagusiak. Euskaraz eta Euskal Herrian, zehazki Bizkaian –Bilbo, Bakio, Gaztelugatxe...–, filmatutako thriller-a da Alvar Gordejuela eta Javier Rebollok zuzendutako lan hau eta, azkenaren hitzetan, «gizakiaren alde ilunena agerian uztea» izan dute helburu: «Fran eta Klara txakurra eta katua bezala ibiliko dira, baina interesgarriena da filmak aurrera egin ahala bien paperak aldatuz joango direla, eta txakurra zena, agian, katu bilaka daitekeela...». Aldi berean, filma krisialdi ekonomiko egoerari eta diruari estuki lotuta dagoela adierazi zuen Rebollok eta, zentzu horretan, diru goseari nolabaiteko kritika egitera ere badatorrela: «Euskal Herrian ez da sekula serie-hiltzaile baten gaineko filmik egin eta horri heldu nahi genion, baina baita ohiko pertsonek duten alde ilun horri ere, edozein pertsona hiltzaile izatera eraman zaitzakeena. Kasu honetan, diru gosea da Fran mugitzen duena» Losadaz eta Atienzaz gainera, euskal aktore ugari ikus daitezke filmean, besteren artean, Aitziber Garmendia, Patxo Telleria, Ramon Agirre, Zorion Egileor eta Loli Astoreka. Hiltzailearen ikuspuntua Hasieran, hiltzailearen ikuspuntua da thrillerraren hari gidaria. Hogeigarren minutura arte ez da poliziaren ikuspuntua agertzen: «Arrisku hori hartu nahi izan dugu, ez dugu hiltzailea nor den gorde horrek bere pentsamenduan barneratzeko aukera ematen zigulako, bere psikologian. Erritu-krimenetan berezitutako polizia jokoan sartzen den unetik bien ikuspuntua nahasten da». Lana sei astetan filmatu dute Bizkaiko hainbat puntutan eta prozesua «konplexua» izan dela ziurtatu zuen Rebollok, «kanpo filmaketa asko egin ditugulako, batez ere kostaldean». Pertsonaien «alde ilunak» agerrarazten dituzten filmetan giroa ere iluna izaten bada ere, eurek «argitasunaren aldeko hautua» egin dutela ere nabarmendu zuen: «Istorio iluna eta eszenatoki argia nahi genuen, kontraste horrek ikus-entzulea jokoz kanpo utzi eta oraindik gehiago izutzen duelako, intriga mantendu egiten da horrela. Ziur gaude ikusten dutenengan efektu hori eragingo duela». ESTUTASUNA «Filma krisi ekonomiko lazgarriko egoeran hartzen diren erabakien eta esaten diren gezurren adierazgarri ere bada; bere burua estutasunean ikusten duena edozer egiteko gauza da, baita, filmean gertatzen den bezala, diruagatik emakumeak erailtzeko ere», azaldu zuen Rebollok.