GARA Euskal Herriko egunkaria

Gatazken aurreko jokabideak aztertu ditu Agirrek, «road movie» formatuan

Gatazka molde ezberdinak eta horiei aurre egiteko erak ditu hizpide Katixa Agirrek «Atertu arte itxaron» eleberrian. Idazle gasteiztarrak Ulia protagonista nagusia ardatz hartu eta hiru kontakizun eraiki ditu gatazkez eta horien aurrean gizakiak hartzen dituen jokabideez hitz egiteko. Lehenak bikote harremanak ditu oinarri, bigarrenak 1976ko martxoko Gasteizko borrokak eta hirugarrenak Benjamin Britten konpositore eta bakezale ingelesa.


Katixa Agirrek 2010ean idatzi zituen “Atertu arte itxaron” Elkarrekin argitaratu berri duen eleberriaren lehen pasarteak. «Aspalditik neukan proiektua da, denbora faltagatik agian orain arte gauzatu ezin izan dudana. Hainbeste denbora egon naiz liburu honekin bueltaka, eta liburu potoloa aterako zitzaidala uste nuen. Ez da hala izan, baina liburuak hainbat hari eta gai jorratzen dituela uste dut», azaldu du Agirrek. Zehazki, hiru hari ezberdinetan bikote harremanak, gatazka politikoak eta bakezaletasuna hartu ditu hizpide idazleak.

Euskal Herrian barnako «road movie»-a marraztu du Agirrek gai horietaz hitz egin ahal izateko. «Bidaiak aitzakia ematen zidan istorio bat aurrera eramateko, garapen bat egoteko eta, aldi berean, hainbat gauzen inguruan hitz egiteko. Badut kezka bat, eta kezka hori plazaratu nahi nuen liburuan: gatazken aurrean zer-nolako portaerak izaten ditugun», nabarmendu du idazleak. Ulia da eleberriko protagonista. Bikotekideari bere sorterria erakusteko nahiak BMW batean sartu eta Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak, Bilboko kokteleriak edo Baztango baserriak zeharkatzera eramango ditu. Bideak Uliaren aitortu gabeko sekretuak ere azaleratuko ditu eta horrek eragina izango du bikotearen harremanean. «Gure protagonistek egiten dutena da gatazka horri muzin egin, ahazten saiatu, ukitu gabe aurrera egiten jarraitu», azaldu du.

Liburuaren bigarren hariak 1976ko martxoko Gasteizko borroketara darama irakurlea. «Uliaren gurasoek gertaera haietan ezagutu zuten elkar eta ordutik maitasun istorio bat bizi izan dute, oso gorabeheratsua, gatazka politikoak oso baldintzatua», aurreratu du. «Gu guztiok ere bizi izan dugu nolabait gatazka politikoa, eta iragan horri nola aurre egin, nola maneiatu, horren aurrean nola jokatu» ere landu nahi izan du Agirrek.

Azkenik, Benjamin Britten konpositore ingelesari egiten dio aipamen idazle gasteiztarrak. Bigarren Mundu Gerra bizi izan zuen Brittenek eta, bakezale postura hartuta, Hitlerren aurrean ez borrokatzea erabaki zuen. Horrek sortu zizkion barne eta kanpo gatazkak hartu ditu hizpide Agirrek: «Hari nagusia aberasteko eta bertan zuzenean egiten ez diren hainbat hausnarketa egiteko erabili ditut: bakezaletasunari buruz, gatazkari buruz, zer egin biolentziaren aurrean...», azaldu du Agirrek.

Bidaia sentimentala

Kontakizuna gidatzen duen bidaia fisikoari garrantzia kendu nahi izan dio Agirrek. Hala, bidaia, izatekotan, Euskal Herrian barna egin nahi izan duen bidaia sentimentala dela azaldu du: «Bidea, egia esan, oso arbitrarioa da. Protagonistek egiten dute gutxi gorabehera GoogleMaps-ek esaten diena. Benetan, Euskal Herrian barna egiten dudan bidaia sentimentala da, Gasteizen hasten den, nire jaioterrian, Araban zehar asko ezagutzen ez diren hainbat leku ere bisitatzen dituena... Bilbotik Lekeitiora doa gero, eta Getariara, Donostiara, baita Baztan eta Iparraldera ere».

Aipatu hiru hariak bidaia fisiko-sentimental horretan txertatuta osatu du Agirrek “Atertu arte itxaron” eleberria.