27 AVR. 2015 Barealdi luzeetarako erritu eta abestiak Surflari ernegatua Udaberrian bete-betean sartu gara. Egunak luzeak, eguzkia eta olaturik gabeko barealdi amaigabeak dira nagusi. Badirudi hondartzaren beste aldean den igerileku erraldoi horrek ez duela inoiz olaturik izan. Sasoi honetan itsasoari begiratu eta nork esango luke lasai eta bare den desertu urdin hori bat-batean sekulako piztia beldurgarria bilaka daitekeela. Baina udaberria da eta neguko itsaski eta ekaitzak azkar ahazten dira. Olatuak daudenean handiegiak direlako, edo hotz egiten duelako, edo haizeak olatuak narrasten dituelako, beti badugu aitzakiaren bat inoiz kontent ez egoteko, eta udaberriko barealdiek kritikarako aitzakia ezin hobea eskaintzen dute. Olatuak ditugunean, beraz, ez ditugu nahi, eta ez daudenean haiekin amets egiten dugu. Itsasoaz bizi eta itsasoa ziren polinesiarrek, bi erritual egiten omen zituzten H2O jainkoari haien eskakizunak helarazteko. Itsaski bortitzak ziren sasoian, lasaitasuna eskatzen zuten, marisko eta arrain gehiago hartu ahal izateko. Olaturik gabeko denboraldietan ostera, haien zurezko kanoekin itsaso zabalera ateratzen ziren eta pohuehue izeneko zuhamuxka baten adartxoekin ur azala astintzen zuten, bitartean erritu eta kanta zaharrak abesten zituztelarik. Jolasteko uhin handiak eskatzen zizkioten itsasoari. Nik ez dakit hawaiiarrez, baina itxuraz, hizkuntza erakargarria iruditzen zait. Batzuetan euskararekin alderatuko nuke, betiere kanpotik eta ezjakintasun ezin handiago batetik begiratuta. Olatuak eskatzeko abesten zuten koplak esaterako, honela dio: «Kumai! Kumai! Ka nalu nui mai kahiki mai. Aloi poi pu! Kumai ka pohuehue. Hu! Kaikoo loa!». Halako zerbait esan nahi du: «Altxa bitez! Altxa bitez! Kahikiko olatu handiak! Olatu uhin boteretsuak! Pohuehue kolpearekin altxa bitez. Itsaski handi, garai eta haserretua». Gurean antzeko abestirik ba ote dugun galdetzen diot nire buru handi honi. Arrantzaleek itsasoari eskean abesten ote dioten, edo halako kantarik ba ote duten. Surflariek badakit orain artean ez dugula antzeko ezer sortu. Beraz, garaiz gaude, abesti hawaiiarra ikas dezakegu edo gurea asmatu. Udaberriko barealdi luuuuuuze hauetan, inoiz ez da berandu. «Kumai! Kumai! Ka