27 AVR. 2015 PILOTA Larraldek eta Bilbaok ezuste latza eman dute Ez ziren faboritoak, dirua hasieratik oso nabarmen izan zuten aurka, baina txapela oso erraz irabazi zuten. Jon LEUNDA ETXEBERRI-DUCASSOU 10 LARRALDE-BILBAO 40 Ezuste latza gertatu zen atzo Baionako Modernen, ustekabean Larraldek eta Bilbaok lortu baitzuten garaipena, Binakako txapela lortuz. 21 eta 23 urte dituzte pilotari hauek, eta gazteek nagusi jarraitzen dute. Dirua oso nabarmen atera zen Etxeberriren eta Ducassouren alde. Atzo arteko partida guztiak irabazi zituzten, eta aurreneko fasean atzoko bi bikoteak ere neurtu ziren, eta orduan 16an geratu ziren Larralde eta Bilbao. Beraz, normala zen Etxeberri eta Ducassou faborito izatea. Partidak, ordea, kontatzeko oso gutxi izan zuen. Larralde jaun eta jabe izan zen, eta atzoko finaleko pilotaririk gazteenak sekulako erakustaldia egin zuen. 21 urte besterik ez ditu, eta maila oso onean dago. Buruz Burukoan finala jokatu zuen, eta Binakakoa irabazi egin du. Aurkariak erabat mendean izan zituen. Bilbao ere eroso aritu zen. Bere aurrelariak erabaki egiten zuen aurrean, eta berak lan erosoa izan zuen. Izan ere, Ducassou zen atzokoa erabaki behar zuena, edo hori zen uste zena, baina presioak jan egin zuen. Bera da, seguruenik ere, egun dagoen onena, baina 23 urte besterik ez ditu, eta, hein horretan, normala da oraindik horrelakoak pasatzea. Etxeberrik, berriz, ez zuen inongo aukerarik izan. Partidak ez zuen izan inongo emoziorik. Inor konturatzeko, Larralde eta Bilbao 0-11 ari ziren irabazten. Oraindik asko geratzen zen jokatzeko, eta denek espero zuten faboritoen erreakzioa, baina hori ez zen iristen, eta lan erdietara alde handiarekin iritsi ziren Larralde eta Bilbao, 3-20ko markagailuarekin ari baitziren irabazten, eta ia dena erabakita zegoela zirudien. Ezina Partida erdia geratzen zen, baina 17 kintzeko aldea ikaragarria zen. Alde horrek, gainera, Larralderi eta Bilbaori konfiantza handia eman zien, eta lanean jarraitu zuten partida amaitu arte. Bitartean, Etxeberriren eta Ducassouren erreakzioaren arrastorik ez zen. Partida, gainera erabakita azkar ikusi zuten faboritoek, eta etsi egin zuten. Hortik aurrera, galtzaileek zenbat tanto egingo zituzten jakitea bakarrik falta zen, eta amaieran hamarrean geratu ziren. Bukaeran ezuste handia, baina Larraldek eta Bilbaok oso ongi merezitako eta landutako garaipena erdietsi zuten, aurreneko txapela lortuz. Sarrera guztiak bukatu egin ziren Pilotari gazteek haize freskoa ekarri dute berezkoetara, eta hori harmailetan nabaritu egin da. Buruz Burukoan sarrera bikainak izan ziren, eta Ducassouk eta Larraldek jokatu zuten finalerako, sarrera guztiak agortu egin ziren. Binakako Txapelketak ere bide bera eraman du. Azkeneko urte hauetan izan diren sarrerarik onenak izan dira, eta atzoko finalak ere ikaragarrizko ikusmina piztu zuen, eta sarrera guztiak agortu egin ziren. Asko eta asko izan ziren atzo sartu ezinik geratu zirenak, izan ere, leihatiletan ez zegoen txartelik, atzoko agortuta zeuden denak. Garbi dago berrikuntza bat behar zuela trinketeko esku pilota profesionalak, eta gazte hauek ekarri dute. Dozena erdi bat gazte heldu dira, eta badirudi beste pare bat ere laster izan daitezkeela onenekin lehiatzen. Guztien artean trinketeko esku pilota asko indartu dute, azkenaldian beteranoak baitziren jaun eta jabe kantxetan. J.L. GALDUTA Battitte Ducassou zen atzoko partidan aldeak markatu behar zituen pilotaria, baina erabat galduta ibili zen. 23 urterekin pilotaririk onena bihurtu da, eta atzo presio hori gehiegi nabaritu zuen.