13 MAI 2015 Dozenaka hildako Nepalgo gunerik kaltetuena lurrikara batek astintzean GARA katmandu Lurrak oso gogor astindu zuen atzo Nepal, ia-ia apirilaren 25ean egin zuen bezala (7,8 graduko dardara izan zen ordukoa, eta 7,3koa atzokoa), eta 57 hildako eta 1.129 zauritu eragin zituen herrialdean. Everest menditik gertu izan zuen erdigunea eta Indian (17 hildako eta 39 zauritu gutxienez), Tibeten (hildako baten berri eman zuen Pekinek) eta Bangladeshen ere sentitu zuten lurraren astindu beldurgarria. Asiako herrialdea apirilean izandako lurrikarak eragindako egoera negargarria bere onera ekarri nahian zebilen oraindik. Azken balantze ofizialen arabera, 8.000 lagun hil eta 17.000 zauritu ziren apirileko dardararen eraginez eta herrialdea, eta batez ere Katmandu hiriburua, erabat suntsituta geratu ziren. USGS AEBetako Zerbitzu Geologikoaren arabera, atzoko lurrikarak Everestetik gertu izan zuen erdigunea, eta New Delhi (India) eta Dhaka (Bangladesh) hiriburuetan ere sentitu zuten. 19 kilometroko sakoneran izan zuen hipozentroa. Adituek diote lurrazaletik gertuen gertatzen diren lurrikarak direla gogorrenak. Atzoko lurrikarak erreplika gogor samarrak ere izan zituen, horietako bat Richter eskalan 6,3 gradukoa izan baitzen. Dardarek herritarren beldurra eragin zuten, jakina. Sushil Koirala Nepalgo lehen ministroak lasaitasuna eskatu behar izan zuen. «Ditugun baliabide guztiak lanean jarri ditugu», esan zien kazetariei Ministro Kontseiluaren bilera bukatu ondoren. Agintariak onartu zuen atzoko lurrikararen aurretik larria zen egoera larriagoa dela atzoko astinduaren eraginez. «Lurrikara oso gogorra izan da eta luze iraun du», esan zuen Mariana Palavra Unicefeko eledunak Katmandutik. «Gainditzeko bidean zegoen trauma berriz bizitzen ari dira herritarrak. Berriz zerotik hasi behar, sentsazio horixe da nagusi hiriburuan», erantsi zuen. «Inork ez zuen espero horrenbesteko lurrikara aurrekoa gertatu zenetik bi aste baino igaro ez direnean». Nazio Batuek jakinarazi dutenez, aurreko lurrikarak kaltetutako eraikin batzuk guztiz erori ziren atzo. Lehendik lepo zeuden kanpalekuetan jende gehiago hartu beharko dute orain.