13 MAI 2015 IKUSMIRA Jakinen da Jon Anzari gertatutakoa... agian! Arantxa Manterola Kazetaria Euskal lurraldearen arabera hitz berak esanahi edo ñabardura ezberdinak izan ditzake. Horixe gertatzen da, esaterako, «agian» hitzarekin. Hegoaldean «beharbada» adberbioaren sinonimo dugu; Iparraldean, berriz, «oxala!» interjekzioaren pareko dute. Bi zentzuetan erabili nahi nuke hitza gaurkoan, justu Jon Anzari zer gertatu zitzaion ikertzeko garaian Epaitegiak Estatu frantsesari arduragabekeria egozten dion ala ez bere deliberoa ezagutaraziko duen egunean. Gainerako auzibideak agortuta, familiari jurisdikzio zibila baino ez zaio geratu, gutxienez Fiskaltzak zein Poliziak eta epaileek beren lana behar bezala ez zutela egin ondorioztatu dadin. Erabakia gorabehera, ez da argituko, ordea, egiaz zer gertatu zitzaion euskal militanteari, eta bere senide, lagun eta kideek zalantzaren lainopean jarraitu beharko dute. Agian, urte mordoa igarota gerta daiteke nonbait, norbaitek zerbait argitzea. Beste kasu korapilatsu batzuetan ikusi izan da. Adibidez, Christian Rol kazetariak argitaratu berri duen “Le roman vrai d’un fasciste français” liburuan Henri Curiel militante komunista eta antikolonialista 1978an eta Pierre Goldman ezkerreko militante ezaguna 1979n, biak Parisen eta biak balaz, nork hil zituen jaso du. Bere esanetan, Rene Resciniti de Says eskuin muturreko mertzenarioak 2012n hil aurretik aitortu zion bera izan zela hiltzaileetako bat. Bi urte lehenago ere antzeko aitorpena egin omen zion Canal+ kateko kazetari bati, orduan ezizen baten atzean babestuz. Batek daki. Anzaren kasuan, agian, agian egunen batean...