20 MAI 2015 Espazio eta denboraren nomadak La Llave Magica konpainia euskal-txiletarrak «Nómadas» ikuskizuna estreinatuko du ostiral honetan Iruñeko Gayarre antzokian. Bidaia bizitzaren metafora gisa hartuta, hiru antzezlek etxe aldaketetan ohikoak diren kartoizko kaxak eraldatu eta maskarak, mugitzen diren etxeak eta animalia fantastikoak jarriko dituzte ikusleen begien aurrean, bizitzaren eta norberaren barneko bidaia proposatzeko. Iruñean estreinatu ostean, Txilera bidaiatuko du obrak. Amalur ARTOLA IRUÑEA Konpainia berezia da La Llave Magica. Zirkutik, dantzatik eta objektu antzerkitik datozen euskaldun eta txiletarrek osatzen dute eta, hitzari muzin eginez eta lengoaia eszeniko ezberdinak uztartuz osatzen dituzte euren ikuskizunak. «Gure hizkuntza propio baten bila gabiltza etengabe, objektu eta materialekin hausnartzen dugu, irudiaren poesia bilatzen dugu eta inprobisazioaren bidez sortzen ditugu gure lanak», laburbildu du Aintzane Baleztena taldekideak. Bide horretatik sortu dute “Nómadas”, ostiralean 20.00etan Iruñeko Gayarren estreinatuko duten obra. Etxe edo herri aldaketek gizakiarengan duten eragina oinarri hartuta bizitzaren metafora aurkezten dute, klabe positiboan: «Arrazoi ezberdinengatik joaten gara beste leku batera bizitzera eta bertan beldurrak, pozak, segurtasun eza... aurkitzen ditugu. Eta guztiaren atzean gauza positiborik aurki daitekeela helarazi nahi dugu». Alvaro Moralesek zuzendutako lan honetan, Baleztenaz gainera Edurne Rankin eta Patxi Larreak hartzen dute parte. Agertokian, hiru aktoreak kartoizko kaxez inguratuta agertuko dira eta, poliki-poliki, horiek eraldatu eta antzezleek maskarak, animalia fantastikoak eta mugitzen diren etxeak baliatuko dituzte, ohikoa duten lengoaia poetikoaren eskutik, ikuslea bidaian zehar gidatzeko. Ikuskizunaren diskoa Ikuskizuna osatzeko Gorka Pastor musikariaren eta Isidro Ferrer ilustratzailearen laguntza izan dute. Lehenak hasieratik hartu du parte obraren sortze prozesuan: «Ikuskizunaren musika osoa egin du, oso interesgarria eta polita da egin duena eta ikuskizunaren diskoa ateratzeko asmoa dugu». Ferrerrekin ere harreman estua izan dute sortze prozesuan zehar eta, kartelaz gainera, eskuorriak eta ikuskizunaren irudia ere bereak dira. “Nómadas” osatzeko Iberescena, Gayarre eta Nafarroako lau kultur etxeren laguntza jaso dute eta horrek publikoarekiko gertutasuna ekarri die: «Kultur etxeek entseguetarako lekua eskaini digute eta horietan entsegu irekiak eta tailerrak eman ditugu. Jendea antzokira ikuskizuna ikustera joaten da, baina aurretik gertatzen den horrekiko, sortze prozesuarekiko, interesa ere badagoela ikusi dugu». Ateak zabaltzeaz gainera, kaxa bat jarri zuten nahi zuenak berarentzat adierazgarria den objekturen bat utzi eta ikuskizunera ekarpena egin zezan: «Hausnartzeko dozenaka elementu utzi zizkiguten, benetan prozesu interesgarria izan da». Taiwan, Argentina eta Txilen ere ikusiko da obra Ostiraleko estreinaldiaren ostean, La Llave Magica-ko kideek maletak egin eta desegiten emango dituzte hurrengo hilabeteak. Uztailean Taiwan eta Argentinan izango da konpainia eta abuztuan Txileko Santiago hiriburuko Matucana 100 antzokian eskainiko dute ikuskizuna. «Pozik gaude, larunbat eta igandeetan erakutsi ahalko dugulako ‘Nómadas’ eta, noski, konpainia euskal-txiletarra denez han ere estreinaldia egingo dugu», azaldu du Aintzane Baleztena taldekideak. Oraindik datarik zehaztu ez badute ere, Txiletik bueltan Portugalera joateko asmoa dutela azaldu du Baleztenak, Almagroko (Estatu espainola) antzerki klasikoko jaialdian ere izango dira eta, urrian, Euskal Herriko bira hasteko gogoz daudela ziurtatu du: «Momentuz Nafarroan baditugu zenbait saio hitzartuta eta gure asmoa Euskal Herrian zehar ibiltzea da, ea saio mordoxka bat ematen dugun». A.A. SORTZE PROZESUA Ikuskizuna osatzeko Noain, Aranguren, Zizur Nagusi eta Burlatako kultur etxeekin elkarlanean aritu dira. Gure horietan entsegu irekiak eta tailerrak eskaini dituzte. «Jendeari gustatu zaio sortze prozesua nola garatzen den ikustea, bada interes hori».