GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeak udaletxea morez argiztatuko du Nagore Laffage gogora ekartzeko


Iruñeak bertako udaletxea morez argiztatuko du datorren uztailaren 7an, 2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage gaztea oroitzeko keinu gisa. Astelehen Lilak elkarteak egindako proposamena da hori eta Iruñeak bere egin du datozen festetan eraso sexisten kontrako jarrera erakusteko.

Astelehen Lilak-eko ordezkariak udaletxean izan ziren atzo goizean udal taldeei euren proposamenak aurkezten. Baiezkoa eman zieten prestatu dituzten ekimen guztietarako. EH Bilduren, Geroa Bai-ren, Aranzadiren, Izquierda-Ezkerraren eta PSNren babesa jaso zuten. Aipatutako ekitaldien artean, uztailaren 5ean 12.00etan Gazteluko plazan egingo duten elkarretaratzea aipatu zuten.

Protesta horrek Laffageren heriotza gogora ekartzeko balioko du eta, bide batez, berdintasunaren alde eta eraso sexisten kontra abiatu duten kanpaina bultzatuko dute. Horren leloa honakoa da: “Kalea, gaua eta jaia denonak dira; ezetza ezetza da; erasorik ez; jaiak berdintasunean; hil dituzten emakumeak gogoan eta justizia denontzat”.

Uztailak 5ean bertan, elkarteak Helena Taverna zinemagileak zuzendutako “Nagore” filma institutu zein irakaskuntza zentroetan zabalduko du. Helburua gazteak eraso sexisten inguruan sentsibilizatzea izango da.

Bestalde, Joseba Asiron alkateak Astelehen Lilak-eko kideei uztailaren 6an, txupinazoaren egunean, udaletxeko balkoian udal gobernuko kideekin batera egoteko gonbita egin zien.

Zazpi urte pasatu dira jada

“Nagore” filma 201o. urtean estreinatu zen, bi urte lehenagoko sanferminetan gertatu zena guztien oroimenean mantentzeko asmoz. Gaztea Irungoa zen eta 20 urte zituen. Bi urte lehenago Iruñera joan zen Erizaintza ikastera, eta bertan bizi zen ordutik. Nafarroako Klinika Unibertsitarioan praktikak egiten ari zen, eta bertan egiten zuen lan Jose Diego Yllanes 28 urteko psikiatrak ere.

Bakoitza bere lagunekin atera zen parrandan uztailaren 6an jaien hasiera ospatzera. Gauean topo egin zuten eta elkarrekin joan ziren Yllanesen etxera. Laffagek sexu harremanak izateari uko egin eta etxetik alde egin nahi izan zuen, baina medikuak ez zuen haren ezezkoa onartu eta kolpeka hil zuen. Nafarroako Auzitegiak 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Yllanesi, gutxiegi biktimaren familiaren ustez.