GARA Euskal Herriko egunkaria
ALASKA

Mooses Toothen eta Kichatnankalitatezko bi sormen lan egin dira

Mooses Toothen, Alik Berg eta Skiy DeTrayk, sei egunean, «Illusions of the Raven» (WI4, R, 5.9, A4) zabaldu dute. Kichatna mendilerroko North Triple mendian, berriz, Mike Turner eta Tim Blakemorek, 24 orduan, «No country for old men» (ED, AI6) sortu dute.


MENDIAri pertsiana itxiko diogun honetan, Alaskako ohiko denboraldiari ere amaiera emango diogu, bi jarduera bikainen berri emanez. Mooses Tooth ikonikoan, Alik Berg kanadarrak eta Skiy DeTray estatubatuarrak ekialdeko aurpegian “Illusions of the Raven” bidea (WI4, R, 5.9, A4) zabaldu dute. Kichatna mendilerroan dagoen North Triple mendian, berriz, Mike Twid Turner eta Tim Blakemore britainiarrek “No country for old men” marra (ED, AI6) sortu dute.

Lerroburu hauetan irakurtzen den bezala, bi bide gogor berri Alaskako mendietan. Aurreko batean aipatu genuen bezala, mendilerro horren aurtengo ohiko denboraldian mugimendu handia izan da. Eta hori gutxi ez eta, egin diren jarduera asko eta asko kalitate handikoak izan dira; aportazioaren norabidean indarra izan dutenak. Baina denboraldiaren inguruko azterketa alde batera utz dezagun, eta jorra ditzagun aurreratu dizkizuegun goi mailako bi eskalada horiek.

«Izugarria»

«Leher eginda bukatu genuen; txiki-txiki eginda. Eskaladaren azken 80 orduek gure mugetatik harago eraman gintuzten. Ia-ia egoera haluzinagarri bat bizi izan genuen!». Hitz horiek Detrayrenak dira; hain justu, Mooses Tooth-eko ekialdeko aurpegian bide gogor berri bat zabaldu eta gero.

Alpinista horrek Berg-ekin batera, maiatzaren 2tik 7ra, “Illusions of the Raven” bidea zabaldu zuen. Beste sokada batzuek bezala, ez zuten gailurrik egin; tontorraren plateauan geratu ziren. Protagonista hauek adierazi dutenez, marra gorriak ia gainditu zituzten: «Eskaladaren azken hiru egunak ia non-stop izan ziren. 80 ordu ia geratu gabe; soilik siesta txiki-txiki batzuk egin genituen».

Sormen lan berri hau 2013. urtean David Lamak eta Dani Arnoldek eskalatutako “Bird of Prey” marraren (5.10, M7+, A2, 90°) eskuinean dago. Gogora dezagun pareta horretan Jim Bridwellel eta Mugs Stumpek 1981. urtean bide ikoniko bat zabaldu zutela: “The Dance of the Woo Li Masters” (5.9, WI4+, A4).

DeTrayk aipatu duenez, sinatutako marra berrian aurkitu zituzten zailtasun teknikoak kontuan hartuta, nahiko arin joan ziren: «Kapitain hormatzarrean asko eskalatu dugu, eta han jasotako eskarmentuari esker, A4 luzean ondo moldatu ginen. Uste dugu beste sekzio batzuk gogorragoak izan zirela; ez zailtasunarengatik, baizik eta arriskuarengatik. Tarte batzuk oso tenteak ziren, eta arroka oso puskatua zegoen. Hondarra, elurra eta izotza nahasturik! Beste adibide bat elurrezko perretxiko batean bizitakoa izan zen. Hura igo, tontorra egin eta berriro hara jaistea sei orduko lana izango zela espero genuen, baina hamalau izan ziren. Ia 50 ordu geratu gabe generaman, ia lorik egin gabe. Horrek guztiak rappeletan kristoren eragina izan zuen: ia ez genekien galga egiten duten mosketoiak nola jarri! Perretxikora itzuli, hiru orduko siesta egin eta rappelatzen jarraitu genuen. 26 ordu rappelatzen!»

«Zaharrentzat, ez»

Bien bitartean, Turner eta Blakemore britainiarrek Kichatna mendilerroan jardun dute; hain zuzen ere, North Triple mendian. Eta, aurreratu dugunez, 800 metro luze den “No country for old men” marra zabaldu zuten. Estilo alpinoan eskalatu zuten, eta AI6 graduko luzeak gainditu behar izan zituzten. Hemezortzi luze guztira: batzuk couloir batean kokatuta; beste batzuk, berriz, tarte tente eta milimetro gutxiko izotz geruzarekin.

Turnerrek ondo ezagutzen du Kichatna mendilerroa; izan ere, bere hamargarren bidaia zen: «Alderdi hori Alaskako Patagonia iruditzen zait. Berez, Tim eta bion xedea ez da egin berri duguna. Ingurumari hartan eskiatzen ari ginen, batez ere mendien baldintzak aztertzeko. North Triple mendia nahiko ezkutuan dago. Tatina eta Monolith glaziarren artean dagoen lepora iritsi arte ez da mendi hori ikusten. Eta ziur asko horregatik guztiarengatik apenas dago mendi horren argazkirik. Alaskako eguraldi gordina sufritu genuen, baina, zorionez, 24 orduko leiho on bat aprobetxatu genuen. Errimaia pasatu eta ipar-mendebaldeko couloirrean sartu ginen. 800 metroko eskalada izan zen. Guztira, hemezortzi luze egin genituen. Batzuk errazak ziren; beste batzuk, ordea, zailtasun iraunkorra zuten. Hori bai, ‘errazenetan’ izotzaren kalitatea bikaina zen oso. Bidearen giltza, berriz, 70 metroko bi sekzio (90°) izan ziren. Lehena AI5 zailtasunekoa, izotz onarekin eta aseguratzeko egokia. Bigarrena, aldiz, AI6 gradukoa, izotz txarrarekin eta aseguratzeko oso gaiztoa. Beste era batera esanda, luze hori oso arriskutsua zen».

Sokadak esan du tentsio uneak oso handiak izan zirela. Alabaina, jardueraren amaiera aldean, britainiarrek ez zuten lasaitzeko betarik izan: «Errematea ia-ia komikoa izan zen. Erlaitz ikaragarri handi baten aurrean geunden. 15 metroko tunela egin genuen, eta irtenbiderik gabeko leku batera heldu ginen. Baina, azkenean, zorionez, irteera bat bilatu genuen. Hori bai, oso tentea zen: azukre moduko elurrezko sekzio bat. Une arbitrario baten aurrean geunden; jarraitzeko aukerarik izan ez bagenu, eskalada osoa porrota bihurtuko litzateke. Laburpen gisa esan dezakegu, ingurune hura oso basatia dela; isolatua eta hara iristeko oso zaila. North Triple mendian zabaldu dugun marra ikusi genuenean, biok erabat harrapatuta geratu ginen. Izaera alpinoa duen jarduera bat izan da, eta hori egitea da gehien gustatzen zaiguna».