10 JUIL. 2015 Mariasun Landaren pertsonaien unibertsoa, generoaren ikuspegitik EHUko Udako Ikastaroek literaturari ere egin diote tarte. Mariasun Landaren omenezko ikastaroan, idazle errenteriarraren unibertso literarioa aztertu eta sortu izan dituen pertsonaia zein espazioak baliatuz generoa lantze aldera egin duen lana goraipatu zuen Gema Lasartek. Amalur ARTOLA DONOSTIA Gema Lasarte Irakasleen Unibertsitate Eskolako hezitzaileak Mariasun Landaren «unibertso femeninoa» izan zuen atzo hizpide EHUren Udako Ikastaroetan. “Excelence in basque studies V, Mariasun Landaren omenez” ikastaroan, Lasartek Landak generoaz zuzenean hitz egin beharrean bere pertsonaietan eta irudikatzen dituen espazioetan txertatzen duela nabarmendu zuen. Batez ere Landak lantzen dituen pertsonaiak izan zituen hizpide Lasartek, eta eraiki dituen pertsonaien %52 emakumezkoak, %23 animaliak (kasu gehienetan genero markarik gabeak), %11 gizonezkoak eta %5 objektuak direla azaldu zuen. Emakumezko pertsonaiak lantzerako orduan errenteriarrak hiru eremu edo fase izan dituela zehaztu zuen. Lehenean, emulazioa ematen dela eta emakume protagonistak «ausartak eta mutilen antza dutenak» direla azaldu zuen, adibidetzat Partxela edota Kaskarintxo jarriz. Bigarrenean, pertsonaiak gaur egunean oraindik gizonezkoen ezaugarritzat hartzen diren marka horiek dituzte, baina «negar egiten dute eta arazoak ere badituzte, gaixorik daudelako adibidez; hemen, Mariasunek beste era batera lantzen du generoa». Hirugarren eremuan, «generoaren berrirakurketa» egiten dela nabarmendu zuen Lasartek: «Identifikazio bat ematen da non emakumea emakume gisa ageri den, inor emulatu beharrik gabe». Landak eraiki dituen pertsonaia guztien artetik Iholdi nabarmendu zuen Lasartek. 1988an sortu eta hainbat ipuinen protagonista den neskatila bigarren eremuaren barnean kokatu zuen: «Iholdik bere adineko guztiak ordezkatzen ditu; ausarta da baina baita sentibera ere, negar egiten du txolarre bat hiltzen denean eta aurre egiten die gizonezkoei. Mutil zein neska, haur guztiek nahi dute Iholdi izan eta hori genero ikuspegitik lor daitekeen gauza handiena da», ziurtatu zuen. Ilustrazioei dagokienez, Landaren liburuetan emakumeak futbolean, ordenagailuekin, mutilei errieta ematen edota ikasten agertu izana goraipatu zuen. Errezitaldia Iluntzean, aldiz, Landaren literaturak musika eta ilustrazioarekin egin zuen topo Aquariumen. Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek Landaren testuak zein eurek ekitaldirako sortu dituztenak errezitatu zituzten, Antton Olariagak, Jokin Mitxelenak eta Elena Odriozolak marrazkiak sortu eta Juantxo Zeberiok pianoa jotzen zuen bitartean.