19 JUIL. 2015 «It’s time for Africa» Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Beste batzuetan ez bezala, hoteleko lasaitasunetik ekiten diot nire jardunari. Mende-n bukatu berri dugun etapa honetan, hotela gertu genuenez, bizikletan etortzeko aprobetxatu, eta bide batez, eguneroko errutina ordubetetxo aurreratzeko aprobetxatu dugu. Akaso telebistatik erraza emango zuen gaurko etapak, eta hala, galdetuko duzue ea zergatik ez garen ihesaldian sartu, baina gaur ihesaldia gertatu arte ordu eta 20 minutu ibili gara su batean eta benetan diotsuet ez dela batere erraza izan. Horrez gain, ikusita nortzuk egon diren eguneko ihesaldian, ideia bat egin liteke non eta nola alde egin duten aurrean zeuden txirrindulari puska horiek. Aurrean zeuden "kilate" askoko txirrindularien artean, Cummings britaniarrak eman dio Tourrean debutari zen MTN Qhubeka taldeari garaipena. Akaso honek ez zuen apartekorik ezer izango, Qhubeka ez balitz izan historia osoan Tour-ean den aurreneko talde afrikarra. Maillot horiaz, pasaporte britaniarra izan arren Kenyan jaio eta hazia den Chris Froomez gain, Qhubeka taldeak Afrikako haurrei bizikletak erostea eta Afrikako izena mundu zabalean zabaltzea du helburu . Qhubeka berez ez da babesle bat. MTN Hego Afrikako telefonia etxeak eta Samsung-ek babesten dute taldea, baina Qhubeka Afrikako haurrei bizikletak erosteko dirua lortzea helburu duen fundazio bat da. Afrikako haurrentzat, eskolak beraiek bizi diren tokietatik kilometro askotara daudelarik, bizikleta batek asko esan nahi du: hezkuntzarako eta formazio bat izateko aukera izatea. Oker ez banago, bizikleta eman aurretik, haurrek 50 zuhaitz landatu behar dituzte, eta horrela bi helburu lortzen dira, deforestazioari aurre egin eta haurrek eskolara joateko aukera izatea. Horregatik, uste dut, Cummingsek lortu duen garaipen honekin, bizikletazale eta horren zale ez direnak ere poztuko zirela, zeren eta Shakira-k Hegoafrikako munduko futbol txapelketan abesten zuen moduan, afrikarren garaia iritsi da: It's time for Africa.