GARA Euskal Herriko egunkaria

Boisen barrena bidaiarazten du ikuslea Arrietaren «Boiseland» erakusketak

Judas Arrietaren «Boiseland» izeneko bakarkako erakusketa AEBetan egongo da ikusgai abuztuaren 22ra arte. Erakusketa egin ahal izateko «crowdfunding» gisako kanpaina egin behar izan du, «100 superheroien» proiektuaz baliatuta. Euskal Herriko eta Boiseko euskaldunak dituzten estereotipoetatik abiatuta, folio tamainako eta 70x37 zentimetroko marrazkiak, lau margolan handi, berak margotutako skateko taulak eta bideo zein irudiak bildu ditu.


Judas Arrietaren “Boiseland” izeneko bakarkako erakusketa Ameriketako Estatu Batuetan ikusgai egongo da abuztuaren 22ra arte.

Marrazketan, eskulturgintzan, muralgintzan eta bideo-artegintzan eskarmentua duen artista hondarribiarrak gaztetatik izan du marrazteko grina. «Betidanik akademiatan ibili izan naiz. Aitak ere marrazten zuen eta nik gaitasuna nuela ikusi zuenean marrazteko eskoletara bidali ninduen», azaldu du Arrietak.

Japoniako mangaren eta Asiako kulturen jarraitzailea da. Komikiak eta marrazki bizidunak Estatu espainolean sartzen hasi zirenean, horiekiko interesa piztu zitzaion. «Komikiak nire gustuetara egokitzen ziren eta nire lanekin erabilgarri zirela ikusi nuen. Hor hasten da nire erlazioa Asiako kulturarekin», azpimarratu du.

«Espresionismo abstraktua eta pop arte amerikarraren eragina jaso dut. Nire lanekin apologia antzeko bat egiten saiatzen naiz, bizi izan ditudan gauzak azaleratuta», adierazi du artista hondarribiarrak.

Bere lanetan bi ildo nagusi jorratu ohi ditu. «Batetik, arte historian non kokatzen naizen ni azaltzen saiatzen naiz, zer den artea niretzat. Bestalde, jorratzen ditudan gaiak daude, gure inguruan gertatzen diren gauzak. Kritikoa naiz, baina helburu nagusia jendeak nire lanekin gozatzea da», argitu du.

Txinan urte batzuk igaro ondoren Boisen, AEBetako Idaho estatuko hiriburuan, da, Jaialdian, nazioartean egiten den euskal jaialdi handienean, “Boiseland” proiektua erakusteko.

Erakusketa berezia

Boiseko erakusketa egin ahal izateko crowdfunding antzeko kanpaina egin behar izan du, “100 superheroien” proiektuaz baliatuta. «Nire lana erosten duen jendearekin gertuko harremana izatea atsegin dut, erosleari obraren informazioa bidaltzea. Askotan gertatzen da saldu duzun pieza ez dakizula nora joan den. Hori gainditu eta nire elkarte moduko bat sortu nahi nuen proiektuarekin. Aldi berean, diru kopuru bat behar nuen. Boiseko galeria batetik proposatu zidaten erakusketan parte hartu ahal izateko. Bertara familiarekin etorri nahi nuen», esan du Arrietak.

Askatasun osoa eman zioten nahi zuena marrazteko. Artistak, ordea, “Boiseland” proiektua aurkeztu zien, Euskal Herriko euskaldunak eta Boiseko euskaldunak dituzten estereotipoetatik abiatuta. «Gaur egun, informazioa jasotzeko erraztasun handia dago, baina telefonoa hautsita dago. Guk dugun Boiseko informazioa eta hemen dauden euskaldunek Euskal Herriari buruz duten informazioaren artean zirkuitu laburrak daude. Horri buruzko ikerketa eta hausnarketa egiten saiatzen naiz», adierazi du.

Estatu Batuetan izan duen esperientzia ere barne hartzen duen erakusketan, folio tamainako eta 70x37 cm-ko marrazkiak, lau margolan handi, berak margotutako skateko taulak eta bideo zein irudiak aurki daitezke.

Skate taulak nola margotzen diren ikusteko lantegia antolatu da abuztuaren 8rako, eta inguruko skaterrak gonbidatu ditu. «Lurralde hauetan tradizio handia dago skatearen inguruan. Horrek beste publiko mota bat erakarriko du erakusketara», esan du artistak.

Erakusketaz gain, aldi berean egingo diren ekitaldiak «garrantzitsuak» izango dira. Horien artean dago abuztuaren 7an artistarekin egingo den eztabaida. Gauetan, aldiz, film laburrak eskainiko dira.

Irekiera egunak asko harritu zuen Arrieta, «jende asko egon zen irekiera egunean, eta horien jarrera harrigarria izan zen; lan asko saldu ziren. 20 urte daramatzat erakusketak egiten eta mundu osoan zehar egin ditut. Toki askotan artista kanpotarrei babes hori ematea asko kostatzen da. Hemen, ordea, ikusten dutena gustatzen bazaie, erosi egiten dute», azaldu du.

Itzulerako bidaiarekin batera “100 superheroien” bigarren faseari helduko dio. Edizio mugatuko katalogo antzeko bat egingo du, proiektuan parte hartu duten pertsonentzat. Horrez gain, Santanderren horma bat margotuko du eta skate taulen erakusketa egongo da ikusgai.