19 AOûT 2015 IKUSMIRA Fatalismoak sumindura itzali zuenekoa Arantxa Manterola Kazetaria Herrikoen lapurreta mendekatia zehaztasun osoz definitzen duen hitza deskubritu dut hiztegian: ospil. Hala deitzen zaio gerrako harrapakinari. Bada, herritar asko bezala ospil hori noiz eta nola eramango duten galdera pausatu diot neure buruari eta baita afera horietan adituak direnei ere. Inork ez du erantzunik. Egia esan, Estatuak berak sententzia anker hori zehazki nola gauzatu dakienik ere duda daukat. Alta, ez daukat zalantza izpirik ere, egikaritzea erabakitzen duenean, legez izan edo ez, lapurreta gauzatuko duela. Sumarioa ireki zenetik sententzia irmoa ezagutu arte hamahiru urte pasatu dira. Denbora bera elementu desmobilizatzailea bilakatzen da, badakit, baina ehundik gora herri-elkarte sortu, eraiki, ordaindu, erabili edota gozatu dituzten (eta ditugun) milaka herritarrengan ez dut halako erreakziorik sumatzen. Haserre, amorratuak, suminduak beharko genuke. Salbuespenak salbuespen, nire herriko elkartetik hasita, ez dut halakorik ikusten. Beharbada, gure patua halakoa dela barneratuta, jarrera fatalistan erori gara eta aspalditik galdutzat eman ditugu. Tartean beste arrazoi batzuk daudelakoan nago, ordea. Esaterako, ondare materiala defenditzeko garaian daukagun konplexua areagotu egin dela espetxea arriskatzen zuten kideak zeudelako edota elkarteok sortu eta mantentzen ibilitakoak kenduta, inork gutxik dituelako beretzat. Bihar, bi hilabete barru edo batek daki noiz kenduko dizkigutenean, berriro zerbait asaldatuko gara, baina Madrilek gerra zibiletik ospil handiena eramango du.