26 AOûT 2015 Urdazubiko harrobiaren etorkizuna adosteko bildu dira Udala eta Gobernua Nafarroako Gobernua Urdazubiko Udalarekin bildu zen atzo, harrobiaren gatazkan adostasuna bilatzeko. Ustiapen sistema berriaren aurkako jarrera defendatu zuen Santiago Villares herriko alkateak. GARA iruñea Urdazubiko harrobiaren ustiapenarekin zer gertatuko den erabakitzeko eta bide batez adostasunak bilatzeko bildu ziren atzo Nafarroako Gobernu berria, Urdazubiko Udala, SOS Alkerdi, Marmoles de Baztan enpresa, eta langileen ordezkariak. Santiago Villares Urdazubi-Urdaxeko alkateak Udalaren jarrera defendatu zuen, hots, ustiatzeko sistema berriaren aurkakoa, «herriaren ingurumen, ondare eta interes ekonomiko eta turistikoentzako kaltegarria delako». Enpresak aurreikusi dituen leherketek herriaren ondarearen zati bat –Berroberriko eta Alkerdiko leizeak baita ingurukoak ere– kaltetzen dituztela nabarmendu zuen alkateak. Bestetik, harrobiaren ustiapenek tokiko turismoan eta merkataritzan negatiboki eragiten dutela gaineratu zuen, kamioiek sortutako zarata, hauts, dardara eta zirkulazio traben ondorioz. Halaber, auzotarrak molestatzen dituztela, eta abeltzain eta nekazarientzat kaltegarria dela gogora ekarri zuen. Enpresak 2003tik mantentzen ditu ustiatzeko baimen eta baldintzak, udal lizentzietan zehaztutako baldintzak errespetatuz. Baina leherketa berriak zalantzan jarri dira, ez baitago argi hauek baimendutako ustiapen erak errespetatzen dituzten. Udalak uste du enpresak proposatutako aldaketa funtsezkoa dela, eta hori dela-eta, jarduera sailkatuen proiektu berri bat bideratu behar duela. Maiatzean, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak zulaketa eta leherketa lanen debekua kentzearen aurka agertu zen, «ezin delako bermatu leherketek ez dutela kalterik eragingo». 2014an, udalak bi txosten zigortzaile bideratu zituen enpresaren kontra, arau-urratzeengatik. KONPONBIDEAManu Ayerdi Ekonomia presidenteordeak inplikatutako eragile guztien artean konponbide bateratua bilatzeko borondatea agertu zuen. TXOSTENASOS Alkerdiko ordezkariek, Patxi Iriartek eta Maixu Fagoagak, «harrobiko jarduera luzatzeko txostena gaizki» tramitatu zela adierazi zuten.