27 SEPT. 2015 ZORROZTARRIA Auto trukatuak Julen MURGOITIO Uf! Aste emaritsua! Kolpea gero PNW horrena! Harrapatu egin dute bide-orriko ezohiko kontrol batean, autoa trukatua duela. Bai, autodeterminazioa trukatua. Antza, ez ditu bere motorraren benetako isuriak zuzen neurtzen. Faltsutu egin ei ditu autogobernuaren testak; eta, hartara, klimax politikoa hoztu nahian omen dabil, Euzkaditik kanpoko klimetan gertatuaren kontrara. Hara, gaurko egunean Forondako zelaietan esaten ari dena ez bide dator bat urteak dituen gainerakoetan sinatuarekin. Azala eta hezurra, karrozeria eta motorra; argi keinukariak, nahasteko. Forondak aukera bi ematen ditu, berez, lurra hartzekoa edo lurra uztekoa; fisikoki ezin bietan jarrai! Baina ez du, bada, hiztegia irauli foru nazio kontuarekin! Innobazio halakoa! Foru-autoa. Hamaika entzuteko gara, errotondan. Hemen ideiatan den urriarekin alderatuta Kataluniako oparoak inbidia zintzoa ematen dit. Are gehiago, jakinda bankuak joateko direla handik. Kapaz dira hona etortzeko, foru nazioa izanda sukurtsal gehiago beharko direlakoan. Amen. Txalogarria katalanek zezen-larruko eszenatoki tristean direnen mozorroak erantzi izana, motorra agerian utzia. Hondartza nudistetan baino askoz ere inportanteagoa da politikaren harean eragile agertu nahi dutenak biluzik agertzea. Eta gaur-gaurkoz Katalunian dira olatuak. Hemen kosta bai, baina kostata. Ara! Orain, han! Bihar gure han horretan zer izango? Eguzki sistematik kanpo geratuko da, Mediterraneotik kanpo ere, boletek Pirinioetatik alde egingo, eta rovelloak jangarri izatetik hilgarri izatera pasatuko. Adio pan tumaca ere! Kapaz PNWkoak Gernikako Estatutuaren barnera bildu nahi izatea, Katalunia! Baina lasai, Vatikanoaren modura gera daiteke, Estatu. Eta hango buru bezala Nazio Batuen egoitza nagusian aritu, Estatu. Ara!