28 SEPT. 2015 KARAKORUM Broak Peak-ek azpimarragarriakdiren bi jarduera izan ditu Mariano Galvan argentinarrak hirugarren kanpalekutik gailurrera «Carsolio» bidetik igo zen; 7.800 metroko garaieran V+ graduko hainbat tarte eskalatu behar izan zituen. Andrzej Bargiel poloniarra, berriz, ohiko bidetik igo eta eskiekin jaitsi zen. Andoni ARABAOLAZA Aitortu beharra dago Karakorumeko zortzi milakoen ohiko denboraldia oso pobrea izan dela. Beste era batera esanda, azpimarratzeko jarduerak apenas izan diren. Mendi erraldoi horietan izan direnek aitortu dute lehorte horren errua tenperatura altuek izan dutela. Hitz batean esanda, mendien baldintzak oso-oso kaskarrak izan dira. Oro har, beraz, oso igoera gutxi eta goi mailako ia aktibitaterik ez; baina, guk, bederen, errealitate horretatik bi igoera erreskatatu ditugu. Biak ala biak Broad Peak-en (8.047 m) izan dira; eta biak ala biak, gainera, gailurrera bakarrik heldu ziren. Eta hori guztia gutxi izango balitz, uda honetan Broad Peakek jaso dituen bi igoera bakarrak izan dira. Bi protagonista horiek Mariano Galvan argentinarra eta Andrzej Bargiel poloniarra izan dira. Lehenak azpimarratzeko igoera egin zuen; izan ere, ohiko bidean atontzen den hirugarren kanpalekutik tontorrera “Carsolio” marratik igo zen. Hots, Carlos Carsolio mexikarrak 1994. urtean zabaldu zuen bidetik. Gogoratu behar dugu proposamen hori oraindik errepikatu gabe zegoela, eta 7.800 metroko garaieran V+ graduko tarteak gainditu behar direla. Bigarren protagonistak, berriz, beste ukitu bat eman zion bere igoerari. Poloniarra ez zen bide normaletik aldendu, eta gailurra zapaldu ondoren, zortzi milakoa eskiatzen jaitsi zuen. Era horretara, Bargiel Broad Peak eskiekin jaisten munduko lehen gizabanakoa izan da. Hauek dira, beraz, hurrengo lerrootarako proposatzen ditugun bi jarduerak. Eta, hain zuzen ere, kontaketa Galvanek eginikoarekin hasiko dugu. Nahiz eta Broad Peak mendiarekin bost zortzi milako (Lhotse, Everest, G-1 eta G-2) poltsikoratu dituen, argentinarra hedabideetan apenas agertzen den. “Zirkuitu” horretatik at dago, hots, ez da batere mediatikoa; eta, beraz, sinatzen dituen eskaladen inguruan ia ez du informaziorik helarazten. Hori da bere filosofia: «Uste dut mendiak eskalatzeko eta disfrutatzeko direla. Eskalada horiek betetzen banaute, neure helburua lortu dut. Ez dut uste, ordea, norberaren egoa azpimarratzeko eskalatu behar ditugunik. Egiten ditudan espedizioen diru iturria nire poltsikotik ateratzen da. Babesleren bat badut, baina Aconcaguan gidari lanak egiten ditut, eta hortik ateratzen dut espedizioak egiteko dirua. Beraz, gailurra egiteko ez dut inolako presiorik. Askatasuna dut, eta egiten ditudan eskaladak niretzat dira. Broad Peakeko tontorra erdietsi nuenean han zeuden hainbat kideri esan nien horren berririk ez emateko, eta nire nahia errespetatu dute. Nik erabaki dudanean, orduan bai, jarduera honen inguruko informazioa hedatu da». Galvanek zortzi milakoetan ohikoa ez den etika bat aldarrikatzen du: «Ez dut oxigeno artifizialik, xerparik eta garaieran laguntzen duten zamaketaririk erabiltzen. Askotan bakarka joaten naiz, eta ahal dudan guztietan estilo alpinoaren aldeko apustua egiten dut». Bitxia gerta badaiteke ere, Broad Peak ez zen alpinista horren xede nagusia. Zortzi milako horretan “beroketa” lana egin omen zuen, bere benetako helburua K2 (8611 m) baitzen. Lehen zortzi milakoa “utzi” egin zen; bigarrenak, aldiz, ez zion aukerarik eman. «Carsolio»-tik amaitu Galvanek K2 eskalatu nahi zuenez, kanpaleku nagusia han bertan antolatuta zuen. Eta, hain zuzen ere, kanpaleku horretatik Broad Peakera abiatu zen. Aipatu dugun bezala, ohiko bidean sartu, hirugarren kanpalekura heldu eta “Carsolio” bideak gailurrera eraman zuen. Bakarka eta estilo alpinoan, nahiz eta onartu duen jaitsieran bigarren kanpalekutik behera soka finkoak erabili zituela. Bi bibak egin zituen: lehena, igotzen, 7.600 metrora, eta bigarrena, jaisten, 7.800 metrora. Galvanek adierazi du K2 mendian hainbeste espedizio komertzial ikusi ondoren, Broad Peakera abiatu zela: «Ez zegoen nire lehentasunen artean, baina K2n ikusitakoak atzera bota ninduen. Une oro “Cesen” zein “ohiko” bidetik xerpa ugari igotzen eta jaisten ikusten nituen. Bi bide horiek beste mendizale batzuek segurtasunarekin eta eroso igo zitzaten ekipatzen ari ziren, eta nik ez nuen oztoporik jarri nahi izan. Orduan, Broad Peak igotzeko baimena eskatu nuen, batez ere aldats haietan girora egokitu ahal izateko eta aipaturiko K2ren egoera hori baretu arte. Lehen kanpalekuraino igo nintzen. Lagun batzuek esan zidaten aurten mendiak elur asko eta biguna zuela. Eta arrazoi osoa zuten: azukrea zirudien. Baldintzak kaskarrak ziren, eta oinarrizko kanpalekura itzuli nintzen. “Carsolio” bideak askoz ere arroka gehiago zuela irakurri nuen. Nahiz eta zailagoa eta konpromiso handiago zuen, egingarriagoa iruditu zitzaidan. K2ren kanpaleku nagusitik “Carsolio” bidea ez zen oso zaila ikusten, eta hara joatea erabaki nuen. Hori bai, ez nekien zeri egin behar nion aurre; izan ere, apenas nuen informaziorik». K2ren kanpaleku nagusitik uztailaren 14an irten zen. 11 orduan ibili ostean, 6.800 metrora iritsi zen. Biharamunean, gauerdi aldean, dendatik oso arin irten zen: «24 orduko jarduna aurreikusi nuen. Ura eta janari gutxi eraman nuen. Eguraldi bikaina nuen. 55 graduko elur aldats batzuk igo eta lehen zailtasun teknikoak aurrean nituen. IV eta V graduko sekzioak dira, baina, hori bai, arrokaren kalitatea oso-oso txarra zen. Zailtasuna iraunkorra zen, eta atseden hartzeko ia ez nuen betarik izan. Ilunabarrarekin batera bibak eroso bat aurkitzen saiatu nintzen, baina azkenean leku txiki eta deseroso batean egin nuen gaua. 7.600 metrora nengoen. Gailurreko egunean arroka oso txarra izatetik penagarria izatera pasatu zen. 7.800 metrora V+ graduko hainbat pasarte gainditu nituen. Garaiera horretan eta sokarik gabe oso-oso gogorra izan zen. Ondoren, lasaitu nintzen tontorrerako bidea askoz ere samurragoa izan zelako». Jaitsiera, berriz, oso gogorra egin zitzaion. 52 orduko lanaren ondoren, hirugarren kanpalekuan korear batek ura eta gaileta batzuk eskaini zizkion. Azkenean, K2ren kanpaleku nagusira onik iritsi zen. Jaitsiera, eskiekin Galvanek Broad Peaken gailurra uztailaren 16a erdietsi zuen; bada, astebetera Bargielek bigarrena sinatu zuen. Argentinarrak ez bezala, poloniarrak ohiko bide osoa jarraitu zuen. Hirugarren kanpalekutik goizeko hiruretan abiatu zen, eta zortzi ordu geroago tontorrean zen. Egun horretan tontorrera joan ziren mendizaleek atzera egin zuten. Jaitsiera, berriz, eskiekin egin zuen. Gailurretik hirugarren kanpalekura jaitsi zen. Han ordubeteko atsedena hartu zuen. Eta, ondoren, kanpaleku nagusirantz jarraitu zuen. Guztira, hiru orduko jaitsiera izan zen. Gogora dezagun, Bargiel izaera horretako jardunetan espezialista handia dela. Duela bi urte Shisha Pangmaren erdiko gailurra (8.008 m) bakarka igo eta, ondoren, ordu eta erdian eskiekin jaitsi zuen. Eta iaz, Manaslu igo eta jaisteko 21 ordu eta 14 minutu behar izan zituen: 10 ordu igotzeko eta 7 jaisteko. MARIANO GALVAN Alpinista argentinarrak bakarka igo zuen. Hirugarren kanpalekutik gailurrera «Carsolio» bidetik eskalatu zuen. 7.800 metroko garaieran V+ graduko hainbat sekzio gainditu behar izan zituen. ANDRZEJ BARGIEL Poloniarrak ohiko bidea aukeratu zuen; egun horretan tontorra erdietsi zuen bakarra izan zen. Horretaz gain, mendia eskiekin jaitsi duen lehena izan da. BROAK PEAK Uda honetan, Karakorumeko zortzi milakoak bi igoera soilik izan ditu. Protagonistak Mariano Galvan argentinarra eta Andrzej Bargiel poloniarra izan dira.