29 SEPT. 2015 Independentzia Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Munduan milaka herri ipuin dago. Kultura guztiek dituzte bereak: epikoak, maitasunezkoak, latzak, laburrak, luzeak, tristeak, barre egitekoak, kritikoak, narrasak, poetikoak… gizaldiz gizaldi sortu, garatu eta transmititu dituztenak. Ipuin horiek kultur altxorraren parte garrantzitsuak dira, baita identitate eraikitzaileak ere. Baina ipuin horietako asko eta askok, leku ezberdinetan kontatuta ere, antzekotasun handia dute, ipuinak sorkuntza bidaiariak diren seinale. Hala ere, kultura bakoitzak pentsatuko du berea dela originala. Eta ez dira hain oker ibiliko, izan ere, originaltasuna ipuin horren egokitzapenean emango baita, kultura horrek bere ikuspegia eta mamia gehituko baitio, kontalariaren ahotik. Ez dira hobeagoak edo txarragoak izango, beraien kulturaren adierazle besterik ez. Halakorik ukatuko bagenie, euren identitatearen zati bat ukatuko genieke. Ipuinekin bezala, beste hainbat osagarrirekin joaten dira osatzen jendarteak eta kulturak denboran barrena. Kolektibitate humanoen ezaugarria da. Baina horien gainetik beste norbaitek, balizko boterea erabiliz, bide hori baldintzatu eta ukatzen badu, bere ipuinak ezarriz, logikoena da jendarte horrek bere istorio eta historiei sendo eutsi eta bere bidean jarraitzea, norbait horren gainetik. Askatasunaren bidetik.