30 SEPT. 2015 JO PUNTUA Herrialde serioak Mikel Aramendi Kazetaria Oraingoz, aurreikusgarria zen eran bilakatzen ari da Volkswagenek bere diesel motorren kutsamena ezkutatzeko egindako iruzur historikoaren istorioa. Automobilgintzaren egiazko Txernobyla. Konpainia, Damage Control Mode loratuan ipini da: Winterkorn ezkutarazi du, berak ez zekiela ezer esanez (ja, ja, ja!); «langile talde txiki baten txarkeria» izan dela dena ebatzi du, ikerketa beharrik gabe (kar, kar, kar!); munduko abokatu bulego zailduena kontratatu du eta milaka milioi aurreratu ditu kalte ordain eta abarrei erantzuteko; munduko segurantzia guztiak helarazi dizkie zuzenki kaltetuta senti daitezkeenei (autoen erabiltzaileei, software iruzurgilea berehala eta doan aldatu diela ziurtatuz; bere langileei, produkzioa eta lanpostuak ez dituela murriztuko segurtatuz...). Eta hori dena, damu planta ikusgarriak eginez. Agerian. Azpitik, bestelako argumentuak ere badarabiltzalako, agian. Lehen harria bota eta merkatuan abantaila lortzeko tentazioa zein arriskugarria izan daitekeen gainerako ekoizleei gogorarazteko era ez ote da izan BMWren ekoizkinetako baten kutsamenari buruzko berria, adibidez? Eta iruzurraren inguruko ikerketa iparramerikarraren berria Alemaniako Gobernuak noiztik ezagutzen zuen galdea ez al da amildegian elkarrekin joan daitezkeela iradokitzeko modua? Volkswagen konpainia erabat hondoratzeak zer suposatuko lukeen hainbaten lanpostu, negozio, zerga eta abarrentzat aditzera eman beharrik ere ez dagoelako... Iruzurraren historia benetakoa jakiteko itxaropen handiegirik ez da izan behar, beraz. Beste zio bat ere badagoelako: munduko hedabide nagusiak elikatzen dituen publizitatearen sorburu oparoenetako baten gorabeherak dira auzitan daudenak. AEBetan eskandalua irakitear zegoen une berean (kasualitate hutsez?) Europan hizpide genuen Greziako zorraren krisiaren harira, hemen inguruko igarle bati hainbeste aldiz entzun genion bezala, «herrialde serioek» ez dituztelako gauzak edonola egiten. Iruzurraren historia benetakoa jakiteko itxaropen handiegirik ez da izan behar. Munduko hedabide nagusiak elikatzen dituen publizitatearen sorburu oparoenetako baten gorabeherak dira auzitan daudenak