GARA Euskal Herriko egunkaria

Lurralde Kontratu berriak ez ditu asebete ez hautetsiak ez Garapen Kontseilua

Hilabete barru sinatuko den Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratu berriak ez ditu Hautetsi eta Garapen kontseiluen itxaropenak bete. Halere, 2017an «sakonki berrikusiko» delakoan, onartu egingo dute.


2014-2020 epealdirako Lurralde Kontratuaren azken xehetasunak lotzen ari diren honetan, mingots agertu ziren, atzo, Jean-Rene Etchegaray eta Caroline Phillips, Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko presidenteak, hurrenez hurren. Izan ere, joan den irailaren 17an Gidaritza Batzordearen azken bileran finkatutako edukiak ez ditu asebete bi egiturek planteatutako proposamenak.

«Aurreko Lurralde Kontratuarekin [2007-2013] alderatuta, honek Canada Dry dirudi» esan zuen Etchegarayk, partaideekin –Estatua, Erregio Kontseilua, Departamenduko Kontseilua eta Herriarteko elkargoak– izandako negoziazioak ez direla errazak izan aitortuta.

Gizarte zibileko eragile nagusiak biltzen dituen Garapen Kontseiluak 2014an landutako 200 proiektuetatik, lehentasunez 87 baztertu zituztela oroitu zuen Phillipsek. «Alta, 61 soilik hartu dira aintzat eta horiei bideratutako diru-funtsak ere ez dira aski» gaineratu zuen.

Bi ordezkarien esanetan, euskararen alorrean ez ezik, beste hainbatetan ere ez dira hiru lurraldeetako «premia handikoak diren egitasmo asko» kontuan hartu.

Azken urteotan gauzak asko aldatu direla ere nabarmendu zuten: «Testuinguru berezian gaudela jabetzen gara. Finantzabide publikoak murriztu egin dira eta lurralde erreformarekin erakundeen eskuduntzak ere aldatu egin dira. Horrek guztiak eragin itzela izan du».

Dena dela, pozteko elementurik ere badagoela adierazi zuten, esaterako, bertako egoeragatik «lehentasunezko lurraldetzat» duten Zuberoan proposatutako proiektu gehienak babestuko direla.

2017an berrikuspena

Desengainua gorabehera, dagoenarekin aurrera egitea deliberatu dute, duela aste batzuk Lurralde Kontratua ez sinatzeko aukera kaleratu zuten arren. «Kontzesio garrantzitsua lortu dugu. Lurralde Kontratua bi zatitan garatuko da eta 2017an dena sakonki aztertuko da berriro. Orduan negoziazio berriak izango ditugu eta espero dugu ordurako ere lekuko hautetsi eta erakundeek indarrak batu eta eragin handiagoa izango dugula» adierazi zuen Etchegarayk.

Lehen fase horretako 61 proiektuak gauzatzeko, orotara 300 milioi euro bideratuko dira. Horietatik erdia baino gehiago jadanik uztailean sinatutako Estatua-Erregio Planaren barnean onartuak zeuden.