GARA Euskal Herriko egunkaria

Langabezia eta etxebizitza, Donostiak dituen erronka nagusietakoak

Datorren urteko aurrekontua 311 milioikoa dela iragarri zuen atzo Eneko Goia alkateak, politika orokorreko eztabaidan. Iazkoa baino %5,6 handiagoa. Gastuek ere gora egingo dute, %2,4. Taldeen desadostasunak bistakoak izanda ere, denek bat egin zuten langabeziari eta etxebizitzaren arazoari aurre egitea dela lehentasuna, bereziki gazteei begira. Metroa eta Monpaseko pasarela egin egingo direla esan ondoren, EH Bilduk gardentasun falta leporatu zion Goiari.


Politika Orokorreko eztabaidak apenas utzi zuen titularrik atzo Donostiako udalbatzan. Laburbilduz, asmoen gaineko adierazpenak Udal Gobernuaren eskutik eta kritikak oposizioaren ahotik. Eneko Goiak iragarri zuen datu zehatz bakarretakoa hurrengo urteko aurrekontua izan zen: 311 milioi euro, iaz baino %5,6 gehiago. Honi, beste erakunde eta erkidegoko organismoen aurrekontuak erantsi behar zaizkie. Gastuak ere igo egingo dira, %2,4 zehazki. Europako Kultura Hiriburutzak, gainera, 10 milioi euroko gastua eragingo dio Udalari.

Udalaren zorra, berriz, 107 milioikoa da, Etxegintzarena 76koa eta Sustapenarena 3koa. «Zorpetze honek ez ditu gure etorkizuneko ekintzak hipotekatzen. Eta esan beharra dago egoera honetara eraman gaituen kudeaketa ekonomikoa izan dela hori posible egin duena», esan zuen alkateak EH Bilduren azken lau urteetako lana aitortuz.

Langabezia izan zen, akaso, alderdi guztiak ados jarri zituen puntu bakarra, denek bat egin baitzuten lehentasuntzat jotzean. Emandako datuen arabera, 10.057 langabe daude Donostian, biztanleriaren %11,7.

Etxebizitzaren arazoa «larria» dela ere denek onartu zuten, eta bereziki gazteei dagokienez. Horretaz ohartzeko hurrengo zifrari erreparatzea baino ez dago: metro koadroak 3.000 euro baino gehiago balio du hiriburuan eta Etxegintzan 10.000 pertsona baino gehiago daude etxebizitza publiko baten zain.

Horren aurrean, EH Bilduk, PPk eta Irabazik alokairuaren aldeko politikak eskatu zituzten. Miren Albistur PPko bozeramailea harago joan zen, eta erantsi zuen hutsik dauden etxebizitzei ondasun higiezinen zerga kobratu arren ez dela lortu horiek merkaturatzea; eta alde horretatik, beste formula bat eskatu zuen.

Etxebizitzarekin jarraituz, Urumeako biziberritzearen baitan Txomin Enean aurreikusita dauden etxebizitzak aipatu zituen Goiak, gehienak babes ofizialekoak, hala erabaki baitzuen EH Bilduren aurreko Udal Gobernuak. Hala ere, alkateak ez zuen aipatu proiektuak urte eta erdi eta bi urte arteko atzerapena izango duela.

Laguntza sozialen aldeko apustuan ere denek bat egin arren, ez ziren bat etorri jendeari irtenbidea nola eman erabakitzeko garaian. Miren Azkaratek esan zuenez, «pertsonez hitz egin aurretik aberastasuna sortu behar da», eta hitzok ez zituzten gustura hartu EH Bilduk eta Irabazik.

2015-2019 gobernu programa

Goiak hitzordua aprobetxatu zuen 2015-2019 gobernu programa aurkeztu eta zertzelada batzuk emateko. Besteak beste, gardentasuna, turismoa, euskara eta azpiegiturak aipatu zituen. Azken honetan, Odon Elorzaren proiektu bat berreskuratuko duela, edo horretarako asmoa duela behintzat, iragarri zuen alkateak: Monpaseko pasarela. Ernesto Gascok alkateordeak bat egin zuen ideiarekin. Metroa ere egingo dela baieztatu zuten. ««Zezenketak ezartzeko erabili duzuen iluntasun berarekin erabaki duzue», leporatu zien EH Bilduko Almirallek.