12 NOV. 2015 «Pelota II» etzi estreinatuko da Zinebi dokumental jaialdian Jorgen Leth zinemagile daniarrak eta Olatz. G. Abrisketa euskal antropologoak euskal pilotari buruz egin duten dokumentalak larunbatean ikusiko su argia. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian izango da. Hilaren 20ra arte izango da aurtengo Zinebi. GARA BILBO Jorgen Lethek 1960ko hamarkadaren bukaeran ikusi zuen lehen aldiz euskal pilota partida bat, eta 1983an “Pelota” filmatu zuen, beretzat erreferentzia antropologikoz eta kulturalez beteta zegoen pilotalekuetako munduari eta pilotariei buruzko dokumental ezaguna. 2000. urtean, gai berari buruzko ikerketa lan batean sartuta zegoen Olatz Gonzalez Abrisketak film horri buruzko aipamen bat aurkitu zuen hemeroteka batean. Hortik, gaur egun ere jarraitzen duen adiskidetasun harremana sortu zen, eta Lethek lehenengo “Pelota” hura egin eta hiru hamarkada igaro ostean, bigarren zati bat landu dute. “Pelota II” esku pilotari buruzko film dokumentala da, eta pilotariaren eta pilotaren arteko harremana du ardatz. Protagonistek norgehiagokarako pilota egokiak aurkitzeko egiten duten bilaketa prozesu obsesiboari jarraipena eginez, filma modernotasunak bere grina existentzialetik urrundu ez duen herrialdean murgiltzen da. Objektu txiki batek kezkaz beteta du kirol horretako enpresa egitura osoa, arrazionaltasun teknikoak bizitzaren eta jokoaren esanahiarekin inolako zerikusirik ez duela erakutsiz, biak ere kontrolaezinak eta ezin aurreikusizkoak baitira. Lethek ahaztu egin zuen zerbait azpimarratu nahi du, hau da, «pilota izaki bizia dela. Bakoitza besteetatik desberdina da, eta behar bezala entzun behar zaie, bakoitza ezagutzeko». Pilotaren izaera ezagutzeko lilura hori da “Pelota II” posible egiten duena. Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa eta EHUko irakaslea da. 2005. urtean “Pelota vasca: un ritual, una estética” lana argitaratu zuen, eta 2012an Estatu Batuetan kaleratu zen lan hori. Horrez gain ikus-entzunezko hainbat lan egin ditu, eta horien artean hiru dokumental dira azpimarratzekoak. Jorgen Leth-ek (Aarhus, 1937) nazioartean ibilbide luzea duen poeta eta zinemagile daniarrak, 15 liburu idatzi eta berrogeita hamar film inguru egin ditu. Berari buruzko 20 atzera begirako baino gehiago egin dira mundu osoan. “Pelota II” larunbatean aurkeztuko da jendaurrean, Guggenheim museoaren auditorioumean, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta egile biak bertan izango dira.