GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Gorkak hobeto eutsi dio Promozioko final gogorrari

Erik Jaka 12-4 aurreratu da markagailuan, baina errioxarrak partidari eutsi eta azken txanpan erabaki du.


GORKA 22

JAKA 18


Gorka Esteban da Lau eta Erdiko Promozio Txapelketaren irabazle berria. Errioxarrak 22-18 menderatu zuen Erik Jaka, nahiz eta 12-4 galtzen joan. Azken txanpara, ordea, askoz ere osoago iritsi zen fisikoki eta zazpi tanto segidan eginda txapela bereganatzea lortu zuen Adarragan.

Aukera ederra galdu zuen Jakak bere bakarkako lehen txapela irabazi eta datorren urtean onenekin aritu ahal izateko. Izan ere, aurkaria faborito irten arren, sekulako erakustaldia eman zuen lizartzarrak neurketaren lehen erdian.

Aurreneko tantoak oso parekatuak eta gogorrak izan ziren. Aurrenekoak berak 22 pilotakada izan zituen, eta hurrengoak ere ikustekoak izan ziren. Markagailuan lau berdinketa (1-1, 2-2, 3-3 eta 4-4), eta datu bat baino ez: Erik Jakaren aurreneko lau tantoak berak amaituak izan ziren, ederrak laurak.

Gorka urduri ageri zen eta, agian horregatik, txakalaldi bat izan zuen une horretan. Bi pilota luzeegi joan zitzaizkion, bi sake eraman gabe utzi zituen eta zabalera bidali zuen pilota batekin Jakaren aldeko 8 tantoko partziala itxi zuen: 4-4tik 4-12ra zuzen-zuzenean joan zen markagailuan aurrelari gipuzkoarra.

Atsedenak eskatzera behartuta ikusi zuten beren burua Gorkak eta bere botilero Goyo Hernandok. 4-9rako bi eskatuak zituzten eta telebistak derrigortutakoa ere ez zitzaien gaizki etorri errioxarrei. Kantxara itzulita, Ezcaraykoa lasaixeago aritu zen eta norgehiagokaren nondik norakoa aldatzen joan zen pixkanaka-pixkanaka.

Aldaketa nabarmena

Partida luzatzen hasia zen, eta Gorka aurrean gehiago asmatzen ere bai. Hala, 9-13koa sakez egin zuen –bortitz sakatu ez arren hiru egin zituen lehen jokaldiarekin, Jakak baino bat gehiago–, bere alde erori zen buelta zalantzagarri bat ere eman zuten epaileek, eta Jakaren hutsak gero eta errazago iristen ziren. Nekearen lanak.

Behin partida 15-15 berdinduta, bi pilotariak berriz hutsetik hastera behartuta zeuden, baina ordura arte pilatutako nekeak zeresan handia izan zuen azken txanpan. Adarragara hurbildutako lizartzarrek gertuago ikusi zuten garaipena Jaka 15-16 aurreratu zenean, beste tanto gogor baten ostean, eta zer esanik ez 15-17koa ere lortu zuenean, lurretik jaurtitako horma-biko eder batekin. Tanto psikologikoak izan zitezkeela zirudien.

Pilotari bakoitzak egindako opari banarekin neurketa 16-18ra heldu zen, baina hortxe amaitu ziren Jakaren aukera guztiak. Kanpora bidalitako dejada batek sakea eman zion Gorkari berriz, eta errioxarrak ez zuen barkatu. Bi tanto sakez eta Jakaren ezina nahikoak izan ziren Gorkak zuzen-zuzenean 22ra alde egiteko.

«Ez nuen uste sekula horrelakorik lortuko nuenik», zihoen errioxarrak negarrari eutsi ezinda. «Oso gaizki hasi naiz, ni jarri ezinik nenbilen eta bera berriz oso eroso. Baina, zorionez, partidari eusteko gai izan naiz amaierara fisikoki hobeto helduz», gehitu zuen. Bigarren txapela etxerako, Victor Esteban bere anaiak udaberrian Buruz Buruko Promozio Txapelketa irabazi baitzuen.

Erik Jakak, bestalde, «pena handia» zuela onartu zuen, «horrelako aukera asko ez ditugulako izaten». Lizartzarrak ere «nekea» aipatu zuen gako moduan; «bera fisikoki hobetu heldu da amaierara eta nik opari gehiegi egin ditut irabazteko».